Noiz jakingo da nor den presidentea?

Pennsylvanian, adibidez, ostiralera arte luzatu daiteke boto zenbaketa. Aurten, gainera, posta bidezko botoak zenbatzea sekula baino garrantzitsuagoa izango da, eta hori da demokraten itxaropen nagusia. Trumpek jada esan du bozak irabazi dituela, eta hori estrategia baten parte dela egotzi diote demokratek.

Mahai bat, Lawrencevillen (AEB). JOHN AMIS / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko azaroaren 4a
12:28
Entzun

Amaitu da bozkatzeko epea. Itxaron egin beharko da, ordea, datozen lau urteetan AEBetako presidentea nor izango den jakiteko. Botoen zenbaketaren lehen orduetan garaipena Donald Trump hautagai errepublikanoarentzat izango zela zirudien, eta hark ere esan du bozak irabazi dituela. Haren jokabidea, ordea, gogor kritikatu dute demokratek, oraindik zenbaketa amaitzeko asko falta zenean egin baititu adierazpen horiek Trumpek.

Izan ere, aurten bada aurreko urteetan baino garrantzi handiagoa izango duen aldagai bat: posta bidezko botoa. 100 milioi estatubatuar baino gehiagok bozkatu dute modu horretan —2016an, orotara, 139 milioi lagunek bozkatu zuten—, eta hainbat estatutan zenbatzen dituzten azkenekoak dira posta bidezko botoak. Horregatik uste dute demokratek Biden izan daitekeela garaile oraindik ere: posta bidezko botoa nagusiki demokraten aldekoa izaten delako.

Hainbat egun atzera daitezke azken emaitzak estatu gako batzuetan; bederatzi falta dira emaitzak emateko. Pennsylvanian, adibidez, botoen laurdena falta da zenbatzeko; han 20 eserleku banatze dira, eta Trumpek 12 puntu ateratzen dizkio Bideni momentuz. Georgian botoen %8 falta da zenbatzeko, baina datozen bi egunetan posta bidezko botoak iristen jarrai dezakete, Ipar Carolinan azaroaren 12ra artekoa da epe hori. Nevadan, berriz, botoen %21a zenbatzeke dago, eta iragarri dute ostegun goizera arte ez diotela berrekingo kontaketari. Michiganen 5 puntuko aldea du Trumpek, eta botoen %23 falta da zenbatzeko.

Sandersen kezka

Bernie Sanders senatari demokratari AEBetako telebista kate batean galdetu diote ea azken emaitzak noiz izatea espero duen. Sandersek kezkatu dagoela esan du, eta amerikarrek egungo egoera ulertzea espero duela. Boto guztiak zenbatzearen alde egin du: «Ez dakit zein den arrazoia, baina hainbat estatutan, adibidez Pennsylvanian, Michiganen eta Wisconsinen, ez dira gai posta bidezko botoak zenbatzeko hauteskunde eguna baino lehen. Hor dago nire kezka». 

Senatariak azaldu du historiak eta ikerketek erakusten dutenez, hautesle demokratek gehiago erabiltzen dutela posta bidezko botoa, eta errepublikanoen botoak zenbatzen direla lehendabizi: «Ez dakit zer gertatuko den, baina Trump hauteskunde eguneko gaueko 10etan Michiganen eta Pennsylvanian aurretik zelako telebistan atera da, irabazi duela esanez eta estatubatuarrei eskerrak emanez. Hurrengo egunean, ordea, edo gaurtik bi egunera, posta bidezko botoak zenbatutakoan, litekeena da Biden izatea garailea estatu horietan».

Une horretan, Sandersen iritziz, Trumpek posta bidezko botoetan iruzurra egin dutela esan dezake, eta presidente kargua uzteari uko egin. «Ni horrek kezkatzen nau, eta beste hainbat ere bai», amaitu du.

 

Floridako kasua, 2000. urtean

Florida izan ohi da estatu garrantzitsuenetako bat AEBetako hauteskundeetan. Han, 2000. urtean, 36 egun iraun zuen eztabaida baten ostean, George W. Bushek irabazi zuen: Al Gore hautagai demokratak baino 537 boto gehiago eskuratu zituen Auzitegi gorenaren arabera. 

Hauteskunde gauean, Floridan ofizialki Bushek irabazi zuen arren, Al Gore ez zen atera ohikoa den moduan bere aurkariaren garaipena aitortzera; hori gomendatu zioten bere abokatuek. Floridako Auzitegi Gorenak botoak berriz kontatzeko agindu zuen, baino aurkakoa erabaki zuen AEBetako Auzitegi Gorenak. Azkenean, Gorek Bushen garaipena aitortu behar izan zuen. 2020an, bi hautagaiek dute abokatu talde handi bat azken botoa ere eurenganatzeko prest; garrantzitsua da azken botoa ere zenbatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.