Espainiako aurrekontuak

EH Bilduk ere ez die osoko zuzenketarik jarriko Espainiako aurrekontuei

Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute atzo, Espainiako Gobernuko ordezkaritzekin, bileran.
2020ko azaroaren 6a
10:49
Entzun

Gaur amaitzen da Espainiako aurrekontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea, eta EH Bilduk ere ez die jarriko osoko zuzenketarik. Atzo Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroarekin izandako bileran ere berretsi zutenez, Espainiako Gobernuak «jarrera proaktiboa» sumatu du, eta EH Bilduk mahai gainean jarritako neurri sozial eta ekonomikak aintzat hartu dituztela azaldu du. Elkarrizketekin segitzeko jarrera dute, eta elkarrizketak norabide egokian doazela esan du Mertxe Aizpuruak. Horregatik ebatzi dute osoko zuzenketarik ez aurkeztea, «aurrekontu aurrerakoietan isla izango duten konfiantzarekin».

«Ez dira aurrekontu soil batzuk. Legegintzaldia eta hurrengo urteetako politikaren norabidea daude jokoan uneotan», Mertxe Aizpuruak esan duenez.

EH Bilduk harreman egonkor eta jarraitua dauka Espainiako Gobernuarekin eta Kongresuan ordezkaritza duten beste alderdiekin. Negoziazioak orain hasiko direla zehaztu du.

«Gobernuak aukeratu beharko du inbestiduran gehiengoa eman zion alderdiekin egin nahi duen aurrera, edo Ciudadanosekin egitea hautatzen duen. Ciudadanosekin aurrera egitea hautatuz gero, ibilbide laburra dauka legealdi honek» , Aizpuruaren ustez.

EAJk ere atzo iragarri zuen ez diola osoko zuzenketarik jarriko aurrekontu proiektuari. Horrenbestez, negoziazio betean sartuta daude jelkideak ere.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.