Biden: «Gehiengo handi batekin irabaziko dugu lehia hau»

Wilmingtonen egin duen agerraldian «elkarrekiko errespetuz» jokatzeko eskatu du presidentegai demokratak, eta ohartarazi ez dutela onartuko boto zenbaketa gelditzea.

Joe Biden presidentegai demokrata, kanainako une batean. CJ GUNTHER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 7a
05:29
Entzun

Ostiral arratsaldean zabaldu zuten Alderdi Demokratako kanpaina arduradunek iluntzean agerraldia egingo zuela Joe Biden presidentegai demokratak. Ordurako bazen mugimendurik Wilmingtonen prestatutako oholtzaren inguruan. Zenbait komunikabidek zabaldu zuten segurtasuna ere gogortu egin zutela azken orduetan, eta Bidenek garaipena aldarrikatzeko asmoa zuen zurrumurrua ere indartuz joan zen orduak igaro ahala.

Izan ere, hautagai demokratak aurrea hartua zion Donald Trump presidenteari Pennsylvanian, non hogei ordezkari dauden jokoan, eta horiek lortuta berea luke Etxe Zurirako giltza. Estatu hartako garailea atzo bertan zehaztea espero zen arren, kontaketa luzatzen ari da, ez soilik han, baita Georgian eta Arizonan ere; bi horietan Pennsylvanian, eta Nevadan bezala demokratak dira aurretik. Baina buruzagi demokratak agerraldia atzeratu bazuen ere, emaitzak argituko ziren itxaropenarekin, azkenean bestelako hitzaldia egin behar izan zuen Bidenek. Presidentegaiarekin batera igo zen oholtzara Kamala Harris presidenteordetzarako hautagai demokrata. 

24 orduan bozetako emaitzak irudikatzen dituen mapa «irauli» egin dela nabarmendu zuen buruzagi demokratak. «Gehiengo handi batekin irabaziko dugu lehia hau, nazioaren babesarekin. Oraindik ez dugu garaipena aldarrikatu, baina zenbakiak argiak dira. Duela 24 ordu atzetik gindoazen Georgian, eta orain buru gara; duela 24 ordu atzetik gindoazen Pennsylvanian, eta orain irabaztera goaz».

Bidenek kanpaina hitzemandakoak ere izan zituen gogoan, eta COVID-19a geldituko dituela berretsi zuen, baita ekonomia lehengoratuko dutela ere. «Birus hau kontrolpean hartuko dugu. Ezin ditugu galdutako bizitzak berreskuratu, baina egoera hau amai dadin lan egingo dugu», esan zuen Bidenek.

Buruzagi demokratak Donald Trump presidentea aipatu ez zuen arren, harri erreferentzia eginez amaitu zuen agerraldia, eta elkarren aurkako erasoak alde batera uzteko eskatuz: «Desadostasun handiak ditugu, eta sakonak, baina hori osasuntsua da; hori da demokrazia. Ez gara beti ados egongo, baina elkarrekiko errespetuz jokatu behar dugu. Etorkizuna eraikitzeko aukera bat dugu». Presidentegai demokratak, baina, ohar bat ere helarazi zien errepublikanoei: «Boto kontaketa gelditu nahi dute, baina ez dugu onartuko. Boto guztiak zenbatuko dira».

Modu horretan erantzun zion ostegunean Trumpek egindako agerraldiari. Bertan estatubutuak «iruzur» egitea egotzi zien demokratei, egotziz euren kontrolpean dituzten instituzioak «baliatzen» ari direla hauteskundeak irabazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.