Kamala Harris

Sabaia zulatu duen fiskal ohia

AEBetako presidenteordetza hartuko duel lehen emakume afro-amerikarra bilakatu da Kamala Harris.

Kamala Harris, kanpainako agerraldi batean. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 7a
18:03
Entzun

Ama Indiakoa eta aita Jamaikakoa. Migratzaileen ondorengoa da Kamala Harris (Oakland, Kalifornia, AEB, 1964) AEBetako presidenteorde aukeratu berria. Indiar jatorriko lehenengo senataria izan da AEBetan, eta Senatuko kide izendatu duten bigarren emakume beltza. Azken lau urteetakoa da Joe Biden presidentearen ordezko hautatu baino lehen politikan egin duen bidea. 2016an hautatu zuten ordezkari, Kalifornia estatuan.

Aurretik, estatu bereko fiskal nagusia izandakoa da (2011-2017). Kargu horretan zela, izaera zorrotza izatearen ospea irabazi zuen, eta botere politikoarekiko independentziaz jokatzekoa. Esaterako, Barack Obama presidente ohiaren gobernuko presioei aurre egin zielako, mailegu hipotekarioetako praktika desleialen auzian. Harrisek mailegu horien kontra egin zuen, eta mailegatzaileak zigortzea lortu zuen. Horrez gain, uko egin zion Kalifornian sexu berekoak ezkontzea debekatzen zuen legea defendatzeari, eta hura indargabetzeko saiakera gidatu zuen. Legea bertan behera uztea lortu zuten 2013an.

Ordurako, Harrisek eskarmentua zuen drogra trafikoarekin, banden arteko indarkeriarekin eta sexu delituekin zerikusia zuten kasuetan, distrituko fiskal izan baitzen fiskal nagusi baino lehenago, Oakland hirian.

Demokraten 2012ko konbentzioan egin zuen hitzaldiarekin, alderdiko kide askoren arreta piztu zuen Harrisek, Barack Obamaren eta Joe Bidenen hautagaitza berretsi zuten ekitaldi berean.

Politikara 2015ean egin zuen jauzi. Senatari izateko hautagaitza aurkeztu zuen. 2016ko hauteskunde kanpainan, defendatu zuen immigrazio politikak eta zigor justizia erreformatzea, gutxieneko soldata igotzea eta emakumeen abortu eskubidea bermatzea. Erraz gailendu zitzaion bere aurkari errepublikanoari.

Aurtengo bozetarako, berriz, presidentegai izateko aurkeztu zuen bere burua, eta Alderdi Demokratako hautagai nagusien artean kokatu zuten askok hasieran. Joe Biden presidentegaiarekin eztabaida sutsua izan zuen primarioetarako eztabaida batean, arrazarekin lotutako aferei buruz. Iazko abenduan, baina, bertan behera utzi zuen bere hautagaitza, babes nahikoa ez zuela lortuko ikusita. Harrisek «fiskal aurrerakoi» gisa aurkeztu zuen bere burua, baina moderatuegia izateagatik kritikatu zuten alderdiko sektore ezkertiarrenek.

Joan den maiatzean, Poliziak George Floyd gizonezko afro-amerikarra hil ostean, justiziaren erreforma aldarrikatu zuen sutsuki; fiskal izan zen garaian polizia indarkeriaren kontra nahikoa ez egitea leporatzen ziotenen kritikak apaltzea lortu zuen. Hala ere, gizartearen orduko haserrea kapitalizatu nahi izatea egotzi zioten batzuk.

Arrazakeriaren gaia eztabaida publikoaren erdigunean kokatu zen Floyden hilketaren ostean, eta adituek ziurtzat jotzen zuten Bidenek emakume afro-amerikar bat aukeratuko zuela presidenteordegai izateko. Asmatu zuten, eta, joan den abuztuaren 11n, Harris hautatu zuen. Gainera, Bidenen adina kontuan hartuta —77 urte ditu— Alderdi Demokratak lau urte barru presidentegai izan daitekeen hautagai bat ere behar zuen, Bidenek irabaziz gero lau urteko legealdian agintari irudia landuko duena. Harrisen aldekoa izan da apustua. Hala, Harris lehenbiziko emakume afro-amerikarra da AEBetako bi alderdi handietako baten hautagaitza nagusian ageri dena.

Bidenek Harris aukeratu izana txalotu zuten Barack Obama AEBetako presidente ohiak eta Hillary Clinton presidentegai ohiak. Aldiz, Donald Trump AEBetako presidentearen iritziz, «ezin okerragoa» izan zen hura hautatzea. Alderdi Errepublikanoko ordezkariek salatu dute Harris izendatuta Bidenek uko egin diola hautagaitza «moderatu» bat osatzeari. Fiskal ohiak «ezkerreko agenda» ezarri nahi duela ohartarazi dute.

Bozetako garaipenarekin, beste langa bat apurtu du Harrisek, eta AEBetako lehenengo emakume presidenteordea izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.