Euskal presoak

Ongietorriek «birbiktimizazioa» eragiten dutela nabarmendu dute Memoriaren Egunaren atarian

«Elkarbizitzarako eta kohesiorako memoria» defendatuko du Jaurlaritzak.

Espainiako Gobernuko ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Memorialak eginiko ekitaldia.
jon olano
2020ko azaroaren 9a
12:56
Entzun

Azaroaren 10ean gogoratu ohi da indarkeriaren biktimen aldeko Memoriaren Eguna, eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak bezperan egin ohi du ekitaldi bat. Hala egin dute gaur eguerdian, Terrorismoaren Biktimen Memorialarekin batera, eta bertan izan dira Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkaria eta Florencio Dominguez memorialeko zuzendaria.

Ekitaldian, nabarmendu dute euskal presoei espetxetik irtetean egiten zaizkien harrerek «birbiktimizatu» egiten dituztela biktimak, eta gisa horretako ekitaldiek ez dutela erakusten biktimenganako «inolako enpatiarik», «elkarbizitzaren bidean atzera eginda».

Hiru biktimak hartu dute parte ekitaldian; Ivan Ramos Torranok, Lorena Diez Elorzak eta Francisco Javier Saenz Martinezek. Ramosen ama Maite Torrano 1987ko apirilean hil zuten, Portugaleten (Bizkaia), PSEren egoitza baten aurkako erasoan; Diez Elorzaren anaia Jorge Fernando Buesa PSEko legebiltzarkidearen bizkartzaina zen, eta 2000ko otsailean hil zuen ETAk; eta Saenz Martinezen aita Alejandro 1985ean hil zuen ETAk.

Gaurko aitortzarekin, gobernuko ordezkaritzak eta memorialak «intolerantzia terroristak eragindako sufrimenduaren egia proklamatu» nahi dute, «Euskadin biktimen senideen borroka isila eta sarri baztertua» gogoratzearekin batera.

Jaurlaritzak, berriz, «elkarbizitzarako eta kohesiorako memoria» defendatuko du bihar, eta Atzera begiratu aurrera jarraitzeko lelopean oroituko du eguna. Jose Antonio Rodriguez Ranz Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Elkarbizitza sailburuordea elkarrizketatu dute Radio Euskadin, eta esan du «erreakzio naturala» izan ohi dela, indarkeriazko esperientzien ostean, atzera ez begiratzea: «Kontrakoa behar dugu, gertatutakoaren memoria. Euskal presoak gerturatzearen alde agertu da, eta erantsi du, ETAk «autokritika zintzoa eta erabatekoa» egingo balu bere jardun «bidegabeaz», presoen arloan «jokaleku berri bat» legokeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.