"Gauzak ez badira okertzen", Espainiako aurrekontuen alde egingo du EH Bilduk

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak esan du negoziazioa ez dagoela itxita, baina bai aurreratuta, eta bozkatzerako gauzak "asko okertzen" ez badira baiezkoaren alde egingo dutela. Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarrenak "albiste ontzat" jo du, txio bidez eman duen erantzunean.

Mertxe Aizpurua eta Arnald Otegi EH Bilduko kideak, aurreko agerraldi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2020ko azaroaren 11
10:42
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak berretsi egin du Mertxe Aizpurua EH Bilduko Kongresuko diputatuak esandakoa: Espainiako Gobernuko negoziazio taldearekin harreman joria dute, jarrera "proaktiboa" dago, eta EH Bilduk mahai gainean jarritako gaiak begi onez hartu dituzte. Horrenbestez, azken orduko aldaketarik ez bada, Espainiako Aurrekontuen Legea babestuko duela esan du Otegik, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Berretsi du Kongresuan alderdi guztiekin dituztela elkarrizketak, eta gobernua osatzen duten alderdiekin harreman oparoa dutela. Lehentasuna "pertsonen eskubideak blindatzea" dela esan du, eta bide horretan EH Bilduk egindako proposamenak abegikor hartu dituztela sumatu dute. Horrenbestez, akordioa itxita ez badago ere, bozketa egunera bitartean gauzak okertzen ez badira, EH Bilduk baiezkoa emango die aurrekontuei.

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarren eta Podemoseko buruak txio bidez erantzun dio berehala Otegiri. Albistea ona dela esan du: "Ezkerreko politiketan aurrera egiteko ardura eta konpromisoa erakusten dute. Inbestiduraren blokea indartu egiten da, eta izango da legealdikoa, eta estatuaren norabidea zedarrituko duena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.