EUSKAL PRESOAK

Bi preso Euskal Herriratuko dituzte, eta bertze hiru hurbildu

Oskarbi Jauregi eta Oier Andueza Euskal Herriratuko dituzte. Mikel Azurmendi, Maite Pedrosa eta Joseba Lerin Sanchez Zuerara mugituko dituzte.

Sarek joan den urrian Donostian egindako mobilizazioa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 11
15:07
Entzun

Bertze bortz presoren mugimenduen berri eman dute Espainiako Espetxe Erakundeek: bi euskal preso Euskal Herriratuko dituzte, eta bertze hiru hurbildu. Oskarbi Jauregi eta Oier Andueza dira Euskal Herriratuko dituztenak: Jauregi Martutenera ekarriko dute (Gipuzkoa), Teixeirotik (Galizia, 600 kilometro), eta Andueza Basaurira eramango dute (Bizkaia), Murtzia IItik (Espainia, 820 kilometro).

Bertze hiru presoak Zuerako espetxera eramango dituzte (Zaragoza, Espainia, 245 kilometro): Mikel Azurmendi eta Maite Pedrosa, Picassentetik (Herrialde Katalanak, 600 kilometro), eta Joseba Lerin Sanchez, Puerto Ietik (Andaluzia, Espainia, 1.020 kilometro).

ETArekin lotuta delitu larriak leporatutakoak dira guztiak. Mikel Azurmendiri 1998an Sevillako PPko zinegotzi Alberto Jimenez Becerril hiltzea egozten diote, eta Maite Pedrosari, horren konplize izatea. Azurmendiri, halaber, 36 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1994an Miguel Peralta Utera armadako tenientea hiltzeagatik, eta 1996an Kordobako armadaren aurka lehergaiak jartzeagatik ere zigortu zuten. Maite Pedrosak 230 urteko espetxe zigorra du ETArekin lotutako hainbat delitugatik, eta 1998tik dago preso. Espetxe Erakundeen arabera, espetxe legedia onartu du Pedrosak, eta ETArekiko deslotura adierazten duen idatzi bat aurkeztu du. Bigarren gradua ere eman diote Pedrosari.

Lerin Sanchezi 2005an Deniako hotel batean (Alacant, Herrialde Katalanak) egindako atentatua leporatzen diote. Jauregiri 2001an Mikel Uribe ertzainaren hilketarekin kolaboratzea leporatzen diote, baita Gorka Landaburu kazetariari 2001an bonba-liburu bat igortzea ere. Andueza ere ETArekin lotuta dago espetxean, hainbat hilketa saiakera leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.