Ikastolen jaiak

Ikastolen Elkarteak ‘Ikastolak herriari’ ekitaldia egingo du ostiralean

Elkarteak ohartarazi du nahiz eta ikastolen jaiak bertan behera gelditu lanean jarraitu dutela. Ekitaldi batzuk antolatu dituzte urtean zehar, baina ekitaldi nagusi bat egingo dute, euskara eta euskal kultura oinarri.

Armentia ikastolak antolatu zuen 2019ko Araba Euskaraz, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 11
17:55
Entzun

Ikastolen Elkarteak ezin izan ditu urtero ohikoak izaten diren jaialdiak antolatu aurten. Hala ere, jakinarazi du horiek utzi duten «hutsunea» beteko duela eta, horretarako, ekitaldi berezi bat egingo dutela ostiralean, Donostiako Kursaalean, 18:00etan. Elkartearen arabera, ikastolek antolatutako jaiak «euskararen eta euskal kulturaren bost plaza handi» dira, hala nola musikarienak, dantzarienak eta ikuskizunetako beste hamaika artistarenak. Beraz, plaza bakoitzeko lagin bat hartu, eta ekitaldia antolatu dute. Besteak beste, Anje Duhalde, Kimua Dantza Kolektiboa eta Nogen musika taldea arituko dira oholtza gainean, eta Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak gidatuko dute ekitaldia.

Elkarteak ohartarazi du aurtengo jaialdiak bertan behera gelditu badira ere antolaketaren ardura duten lantaldeek lanean jarraitu dutela, eta baita hainbat boluntariok ere. Hala ere, aitortu duenez, sarri askotan, erabaki asko «ziurgabetasunez» hartu behar izan dituzte, eta baita epe laburrean aldatu ere. Areago, erantsi dute ekonomikoki ere beraien helburuetatik «urrun» gelditu direla, eta lurralde batzuetan jai horietan lortutako dirua «garrantzitsua» dela «egiturazko gastuei» aurre egiteko. «Elkartasun keinuen bidez erantzun beharko du taldeak».

Itxiera emateko, jaialdia

Han-hemenka kultura eta hezkuntza ekitaldiak antolatu dituztela adierazi du elkarteak, eta «hunkigarriak» izan direla gaineratu. Hala ere, ez dute ekitaldi bateraturik egin, eta horregatik erabaki dute ostiralekoari bide ematea. Batetik, nabarmendu dute, urtero ikastolen jaietan parte hartu ohi duten artistei eskerrak emateko baliatu nahi dutela aukera; eta, euskal kulturari plaza bat eskaintzeko asmoa ere badutela, izurritearen ondorioz sektorea «bortitz« kolpatu izan dela iritzita. Aitortu dute, beste jaialdiekin antolatuta, oraingoan plaza «murritzagoa» dela, eta, soilik, 400 ikuslerentzako lekua egongo dela. Gainera, sarrera guztiak dagoeneko agortu dira. Hala ere, EITBk ekitaldia eskainiko du azaroaren 21ean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.