Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente kargugabetuak jakinarazi du ez dela zerrendaburu izango otsailaren 14ko hauteskundeetan. Belgikako erbestetik eman du horren berri, Vilaweb atari digitalera bidali duen bideo batean. «Espainiaren errepresioak inbestiduran hautagai izatea eragozten dit, eta ez naiz hor egongo, baina ez diot uko egiten proiektua zuzentzeari».
Zerrendaburu ez, baina zerrendako kide izango da Puigdemont. "Hautagaitzan egongo naiz". Oraingoz, Laura Borras Kataluniako Parlamentuko kideak, Damia Calvet Kataluniako Gobernuko Lurraldetasun eta Jasangarritasun kontseilariak eta Joan Ramon Colomines-Companys JxCko militanteak aurkeztu dute alderdiaren zerrendaburu izateko hautagaitza.
"Kataluniak berriz hartu behar du erreferendumaren haria ", adierazi du Puigdemontek. "Lana bukatu behar dugu, jakitun nago, baina hori egin dezakegu baldin eta independentismoak, osorik, gobernu bat artikulatu ahal badu. Horretarako, beharrezkoa da Junts Per Catalunyak emaitza ona lortzea".
Espainiako Auzitegi Gorenak joan den irailaren 28an inhabilitatu zuen Quim Torra Kataluniako presidentea, desobedientzia leporatuta zigortu baitzuen 2019ko Espainiako Kongresurako hauteskundeak baino lehen preso independentisten aldeko pankartak Generalitatearen egoitzatik kentzeko agindua garaiz bete ez zuelakoan.
Horren ondotik, Pere Aragones presidenteordeak hartu zuen jarduneko presidente funtzioa, eta otsailaren 14rako deitu dute hauteskundeetara.