Buruz burukoa

Altuna III.-a eta Elezkano II.a, finalerdietara

Altunak 22-18 hartu zuen mendean Ezkurdia, eta Darioren aurka jokatuko du. Elezkanok, berriz, 22-9 irabazi zion Agirreri, eta Jaka izango du finalaurrekoan lehiakide. Aspekoak dira finalerdietarako sailkatu diren lau pilotariak.

Jokin Altuna, atzo, Eibarko Astelenan jokatutako neurketako une batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko azaroaren 16a
08:49
Entzun

Argitu da nork jokatuko dituzten Buruz Buruzko txapelketako finalerdiak: ezustea eman zuen Dariok Jokin Altuna izango du aurrean, eta Urrutikoetxea kanporatu zuen Erik Jakak, Danel Elezkano. Atzo arratsaldean jokatu ziren falta ziren bi final laurdenak, eta txapelketatik kanpo geratu ziren Joseba Ezkurdia eta Asier Agirre.

Ikusmin handia sortu zuen Eibarko Astelena pilotalekuan Altunak eta Ezkurdiak jokatu zuten partidak. Lehia gogorra izan zen, eta huts gutxien egin zituenak eskuratu zuen garaipena: 22 eta 18, Altunak. Ezkurdiak, azken urteetan gehien nabarmendu den pilotarietako bat izan arren, ez du sekula irabazi Buruz Buruko txapelketa, eta, oraingoz, arantza horrekin jarraitu beharko du. 

Arbizuarrak aitortu zituen bere akatsak: «Xehetasunetan alde egin dit partidak. Hiruzpalau huts larri izan ditut, eta beste pilotari baten aurka barka dezakezu agian, baina Jokinen aurka ez». Lehia erritmo bizian hasi zuten bi pilotariek, eta horrek gerora asko baldintzatu zituela aitortu zuten protagonistek. Egindako lanaz harro agertu zen Altuna: «Duela urte batzuk ez nion eutsiko halako hasiera bati».

Finalaurrekoetarako sailkatu diren pilotarietatik Altuna bera da noizbait Buruz Buruko txapeldun izan den bakarra: 2018. urtean irabazi zuen amezketarrak. Dario Gomez da bigarren txapela irabazteko gainditu beharko duen hurrengo aurkaria.

Elezkano, nagusitasunez

Bestelakoa izan zen atzo jokatu zen beste partida. Final zortzirenetan Oinatz Bengoetxea kaleratuta, Asier Agirrek Elezkano II.-ari gauzak zail jarriko zizkiola zirudien, baina Zaratamokoak ez zion aukerarik eman Baikoko azken ordezkariari. 19 eta 1 aurreratu zen Elezkano, eta ez zuen kontatzeko askorik utzi norgehiagokak; amaieran, 22-9. 

Ikuskizuna eman zuen Elezkanok, sakean bereziki. Ezkerparetan sartu zizkion pilota gehienak Agirreri, eta hark ezkerrez erantzun behar. Sakez, sei tanto egin zituen irabazleak.

Finalaurrekoan Erik Jaka izango du parean. Urrutikoetxea kanporatu zuen Jakak, eta horren emaitza dira inor gutxik espero zituen bi finalerdi. Enpresek gaur erabakiko dute finalaurrekoak noiz eta non jokatuko diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.