Peru

Dimisioa aurkeztu du Merinok, presidente kargua hartu eta sei egunera

Bi lagun hil dira gobernuaren aurkako protestetan. Presidente berria aukeratzeko adotasunik ez dute lortzen.

Herritarrak Merinoren dimisioa ospatzen, Liman. ALDAIR MEJIA / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko azaroaren 16a
10:35
Entzun

Aste mugitua izan dute Perun, duela zazpi egun Kongresuak Martin Vizcarra kargutik kendu baitzuen. Gertaera haren ostean hartu zuen estatuko presidente kargua ordura arte Kongresuko presidente zen Manuel Merinok, eta eskuin muturrarekin eta enpresari handiekin harremana duen gobernu bat eratu zuen. Askok estatu kolpetzat jo zuten erabakia, eta kalean protestak izan dira nagusi, Vizcarraren itzulera eskatzeko. Bi lagun hil dira horietan, Liman.

Vizcarraren kargugabetzeak harrabots handia sortu zuen; batez ere, Merinok zentsura mozioan baiezkoa bozkatzearen truke obra publikoen kontzesioak ematea eta martxan dauden ustelkeria kasuak etetea adostu zuela zabal du baitzen. Izan ere, oraintxe 68 diputaturen —130 dira— aurkako hainbat prozedura daude irekita. Behin presidente kargua hartuta, Konstituzio Auzitegiko zazpi epaileetatik sei ordezkatzen ere saiatu da.

Lehen egunetik protesta ugari izan dira herrialdean zehar, baina larunbatean egin zen mobilizaziorik jendetsuena, Liman. Parlamentuaren egoitzara gerturatu ziren manifestariak, eta Poliziak haien aurka egin zuen. Emaitza, bi hildako, ehun zauritu inguru eta 41 desagertu. Hala, Merinoren aurkako salaketa bat aurkeztu dute fiskaltzan; homizidioa, autoritate abusua eta lesio delituak egozten dizkiote.

Ezbehar horren harira, besteak beste, hamabi ministrok dimisioa aurkeztu zuten, eta Merinoren kargugabetzearen aldeko mezuak ugaritu ziren; besteak beste, Kongresuko presidente berri Luis Valdezena. Hala, eguerdia iritsi baino lehen utzi zuen kargua Merinok. Vizcarraren esanetan, ordea, Merinoren dimisioa ez da nahikoa: «Merinoren dimisioa pauso bat da, baina ez du arazoa konpontzen, Peruko herriak eskatzen duena ez baita Merino jaunak albo batera egitea, demokrazia eta instituzioak berreskuratzea baizik».

Kongresua haren ondorengoa aukeratzeko bildu zen arratsaldean. Rocio Silva Santisteban izendatuko zutela zirudien, ezkerreko Fronte Zabalak lortutako akordioaren buru. Peruko emakumezko eta ezkerreko lehen presidente bihurtu zitekeen, baina Kongresuak atzera bota zuen aukera. Silvak aldeko 42 boto jaso zituen, eta kontrako 52. Beste 25 abstenitu egin ziren.

Vizcarrak badu kargua berreskuratzeko aukera bat ere, Auzitegi Konstituzionalak mozioaren aurkako helegitea onartzea. Kongresuak hura postutik kentzeko erabilitako «ezgaitasun morala» kontzeptuaren erabilera desegokia argudiatu du hark. 

Vizcarra kentzeko lanak

Irailaren 18an Vizcarraren aurkako mozio bat aurkeztearen inguruan eztabaidatu zuen Peruko Kongresuak, hark karguan jarraitzeko «ezgaitasun morala» argudiatuta, abeslari baten kontratazioan irregulartasunak zeudelakoan. Mozio hark, baina, ez zuen parlamentarien babesa izan. Kontua, ordea, ez zen hor amaitu, eta hilabete geroago, hainbat hedabidek argitaratu zuten Vizcarrak eroskeria baliatu zuela 2011 eta 2014 urteen artean, Moquegua eskualdeko presidente zela. Horren eraginez, irailaren 22an beste zentsura mozio bat aurkeztu zen Parlamentuan, eta azaroaren 9an bozkatu zuten hura kargugabetzearen aurka. Haren aurkako mozioak aldeko 105 boto jaso zituen, kontrako hemeretzi eta lau abstentzio.

Vizcarra 2018an iritsi zen Peruko presidente izatera, ustelkeriaren aurkako borrokak hauspotuta. 2016ko bozak irabazi zituen Pedro Pablo Kuczynski ordezkatu zuen. Hark dimisioa eman zuen, Parlamentuak ustelkeriagatik kargugabetuko zuela iragarri zuenean. Vizcarra haren presidenteorde zen. 

Presidente karguan, botere legegilearen eta judizialaren inguruko erreforma sakon bat egiteko asmoa adierazi zuen, baina Kongresuak behin baino gehiagotan bota zituen atzera haren nahiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.