Gaztealdia

«Saiatuz gero lortzen da euskaraz egitea»

Gaztealdian parte hartu duten bost gaztek astebeteko ariketaren balorazioa egin dute Berria TBn.

2020ko azaroaren 16a
11:31
Entzun

Amaitu da Gaztealdia. Euskal Herriko bederatzi gaztek astebetez euskara hutsean bizitzeko erabakia hartu zuten, eta gaur amaitu da euren ariketa, Euskaraldia hasi bezperan. Horietako bostek astebetekoaren balorazioa egin dute Berria TBrako. Begoña Garaikoetxea iruindarrak esan du hiru ondorio atera dituela: normalizatu behar direla elkarrizketa elebidunak, aurreiritzi asko daudela eta alde batera utzi behar direla, eta garrantzi handiegia ematen zaiola hitzezko hizkuntzari, gorputz adierazpenak asko laguntzen duela. Maialen Arteagak azpimarratu du egunerokoan euskararen aldeko txip aldaketa egitearen garrantzia. Amaia Larruzeak erronkarekin jarraitzeko asmoa iragarri du, eta esan du ingurukoak euskaraz aritzera animatuko dituela. Maite Sarasolak adierazi du euskaraz egitea hautu politiko bat dela, eta gazteak hautu hori egitera deitu ditu: «Merezi du». Miren Balmasedak laburpen gisara adierazi du Erriberan zaila dela 24 orduz euskaraz bizitzea, baina hori egia izanda ere, saiatuz gero lortu daitekeela une jakin batean edo pertsona jakin batzuekin euskaraz egitea.

Azaroaren 12an hasi ziren, eta Euskaraz biziko gara lelopean, azaroaren 19ra arte euskaraz aritzeko konpromisoa hartu zuten Begoña Garaikoetxeak (Iruñea, Nafarroa), Xabier Karrilek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Maialen Arteagak (Zornotza, Bizkaia), Ilargi Beaskoetxeak (Plentzia, Bizkaia), Maite Sarasolak (Deustu, Bizkaia), Xalbat Altzugaraik (Urepele, Nafarroa Beherea), Miren Balmasedak (Tutera, Nafarroa), Amaia Larruzeak (Sodupe, Bizkaia) eta Andrei Fuchsek (Donibane Lohizune, Lapurdi).

Aste honetan Berria TBk euren bizipenak jaso ditu hiru bideotan. Moderatzailerik gabe, euren artean hitz egin dute gazteek, bizipenei eta anekdotei buruz. Lehen saioan Balmasedak, Larruzeak eta Fuchsek parte hartu zuten.

[youtube]https://youtu.be/fuCixIVFjNI[/youtube]

Zer moduz joan zaie lehen egunetan? Nolako bizipenak izan dituzte? Bigarren bideoan Beaskoetxeak, Sarasolak eta Altzugaraik kontatu zituzten euren esperientziaren nondik norakoak.

[youtube]https://youtu.be/66hrQ-dfiUc[/youtube]

Herenegun argitaratutako atalean, berriz, ariketa bera egin zuen Berria TBn parte hartzaileen azken hirukoteak: Garaikoetxeak, Karrilek eta Arteagak.

[youtube]https://youtu.be/vaa46ghUjhw[/youtube]

BERRIAk igandean argitaratu zuen Euskara eta Gazteak erreportaje sorta ere; tartean, Gaztealdiari buruzkoa; hiru parte hartzailerekin hitz egin zuten Maria Ortega Zubiate, Uxue Rey Gorraiz eta Ekhi Erremundegi Beloki kazetariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.