Karabakh Garaiko ituna

Armeniako presidenteak hauteskundeak aurreratzeko eskatu du

Alderdi politikoekin izandako bilkuren ostean, Sarkisianek ondorioztatu du bozak egitea «saihetsezina» dela; Paxinian lehen ministroaren dimisioa ere exijitu du.

Paxinianen dimisioa eskatzeko iragan astean egindako protesta bat, Erevan hiriburuan. VAHRAM BAGHDASARYAN / EFE
ander perez zala
2020ko azaroaren 17a
11:51
Entzun

Errusiak, Azerbaijanek eta Armeniak Karabakh Garaiko gerra gelditzeko sinatu zuten akordioak haserre handia eragin du azken herrialde horretan, Nikol Paxinian lehen ministroaren etorkizuna kolokan jartzeraino. Ituna adostu zutenetik, protestak etengabeak izan dira Kaukasoko herrialdean, besteak beste Paxinianen dimisioa eskatzeko, eta, egunek aurrera egin ahala, agintaria zilegitasuna galtzen ari den sentsazioa gailendu da. Hura kargutik kentzea eskatu duen azken politikaria Armen Sarkisian izan da, Armeniako presidentea; alderdi politikoekin eta talde zibilekin egindako bilkuren ostean eman du bere iritziaren berri, argudiatuta bozak aurreratzea «saihetsezina» dela.

Egungo egoera gailentzeko, eta herrialdea «zirrara politikoetatik kanpo» mantentzeko, Sarkisianek proposatu du batasun nazionaleko gobernu bat sortzea: «Espero dut indar politiko guztiak egungo egoeraren arduraz, garrantziaz ohartu direla». Nahiaz haratago, Armeniako presidenteak eskumen gutxi ditu, eta ez du hori eragiteko aukerarik; izan ere, Paxinian Asanblea Nazionalak ken dezake kargutik, baina, egun, gobernuburuaren Nire Pausoak aliantzak du gehiengoa parlamentuan.

Halere, Armeniako presidentearen arabera, «alderdi politiko askok» nahi dute gobernuburuak dimisioa ematea: «Azken egunotan kontsulta politikoak izan ditut, eta hainbat bilera indar parlamentarioekin eta ez-parlamentarioekin, gobernuz kanpoko erakundeekin eta beste hainbeste lagunekin. Diasporako taldeekin ere bai. Gehiengo handi bat ados dago auzi batean: lehen ministroak dimisioa eman behar du, edo agintaldia amaitu, konstituzioa errespetatuta eta hauteskunde aurreratuetara deituta». Oposizioko alderdi politiko guztiak Karabakh Garaiko itunaren aurka agertu dira, «umiliazio bat eta kapitulazio bat» delakoan.

Asteotako protesten eta haserrearen harira, Zohrab Mnatsakanian Atzerri ministroak dimisioa eman du, atzo jakinarazi zuenez; aldiz, Paxinianek bi aldiz adierazi du ez duela lehen ministroaren kargua uzteko asmorik. Iragan astean horretaz bozkatzeko saio bat hasi zuten Asanblea Nazionalean, baina bertan behera utzi behar izan zuten, quorum faltagatik.

Karabakh Garairako adosturiko akordioaren arabera, Azerbaijanek konkistaturiko eremuak galtzeaz gain, Armeniak kontrolpean zituen hiru eskualde emango dizkio Bakuri: Karabakh Garaiaren mendebaldean dagoen Kalbakhar, ekialdeko Aghdam, eta, azkenik, hego-mendebaldeko Lachin.

Itun horretaz, armadako koronel Onik Gasparianek MediaMax albiste agentziari azaldu dio «aukera txar baten eta tragedia baten artean» erabaki behar izan zutela; izan ere, Azerbaijango armadaren aurrerapausoak etengabeak izaten ari ziren irailaren 27an gerra hasi zutenetik: «Politikari batzuek diote armadak egiazkoa ez den [gerraren] paisaia bat aurkeztu zuela. Akusazio horiek ez dute bat egiten errealitatearekin».

Paxinianek ere aitortu zuen akordioa «txarra» dela, baina argudiatu zuen armadaren gomendioari jarraituta erabaki zuela su-eten iraunkor bat adostea Azerbaijanekin eta Errusiarekin.

Gorpuen trukaketa

Hiru sinatzaileek itun horretan jaso zuten hildakoak trukatzea. Peter Maurer Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen presidenteak baieztatu du Erevanek eta Bakuk 200 gorpu trukatu dituztela dagoeneko; datozen egunetan jarraituko dute gainerakoekin.

Irailaren 27tik azaroaren 10era arteko gerran mila eta 5.000 militar artean hil dituzte bi aldeek, azken datuen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.