Berdintasuna

Eusko Jaurlaritzak gizon-emakumeen berdintasunerako legearen proiektua onartu du

Artolazabalen arabera, 2005eko legearen moldaketaren parte hartzea «handia» izan da. Hala ere, Eusko Legebiltzarra izango da lege proiektuarekin aurrera egitea onartzen duena ala ez; talde politikoek zuzenketak egiteko aukera izango dute.

Beatriz Artolazabal, irailean ekitaldi batean. RAUL BOGAJO, FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 17a
14:03
Entzun

Gizon-emakumeen berdintasunerako legearen proiektua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak, gobernu kontseiluaren ostean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez. Emakundek gidatutako proiektua izan da, eta parte hartzea «handia» izan dela nabarmendu du Artolazabalek. Haren arabera, lege proiektuak laurehun ekarpen inguru jaso ditu: hirurehun, herritarren eskutik; eta beste ehun, erakundeen aldetik. Nabarmendu du horren helburua dela «berdintasun politikak eta indarkeria matxistaren biktimentzako laguntzak indartzea». Hala, besteak beste, aldaketak proposatu dituzte berdintasun egiturak indartzeko, langile publikoak berdintasunaren alorrean ahalduntzeko eta bortizkeria matxistaren ondorioz umezurtz gelditzen diren haurrei eta nerabeei laguntzak emateko.

Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, eta orain, gaurkotzeko proposamenak egin dituzte. Nazioarteko araudietara egokitzeko beharra hartu dute oinarri; esate baterako, Istanbulgo Hitzarmenak zehazten duenera. Hala ere, lege proiektua Eusko Legebiltzarrean aztertzea da hurrengo urratsa. Talde politikoek aukera izango dute zuzenketak egiteko eta legeaz eztabaidatzeko, eta ,azkenik, osoko bilkuran bozkatuko da ea onartuko duten ala ez. Kasu honetan, ordea, ziurrena da lege proiektua onartzea; izan ere, EAJk eta PSE-EEk gehiengo dute.

Proposatutako aldaketak

Berdintasun sailburuak erronka nagusi bat izan du gogoan: «Erronka nagusietako bat izango da emakumeen aurkako indarkeria, gizon-emakumeen desberdintasunaren arazo sistematiko eta unibertsalaren barnean kokatzea». Hala, gaineratu du horretarako berdintasun egiturak indartzea aurreikusten dutela, baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta teknikoak sendotuta. Are, langile publikoek berdintasunaren alorrean ahalduntzeko «betebeharra» ere badutela uste du Jaurlaritzak, eta, beraz, formakuntzak jasoko dituztela erantsi: «Langile publiko guztientzat berdintasunaren arloko derrigorrezko prestakuntza, progresiboa eta iraunkorra jasotzen du proiektuak, batez ere emakumeen aurkako indarkeria matxistaren alorrean jarduten dutenentzat».

Bada gehiago ere: indarkeria matxistaren biktimen eremua handitzea. Artolazabalen arabera, lege proiektuak helburu du «bortizkeriaren ondorioak pairatzen dituzten haurrei, nerabeei eta menpeko pertsonei babes handiagoa» ematea, horiek ere biktimak direla uste baitute. Gainera, nabarmendu du umezurtz gelditzen diren haur eta nerabeentzat laguntza ekonomikoak ematea aurreikusten dutela. Hala ere, ez du zehaztu zenbatekoa izan daitekeen laguntza hori, baina nabarmendu behin proiektua onartu ostean zehaztu beharko litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.