Erakundeak

Euskal Elkargoa zerbitzubururik gabe dela salatu dute LAB, CGT eta CFDT sindikatuek

2017ko urtarrilean sortu zenetik, zerbitzuen hiru zuzendari nagusi izan ditu Euskal Hirigune Elkargoak. Epe horretan, hamasei hilabetez egon da postu hori bete gabe.

Euskal Hirigune Elkargoko batzorde eragilea. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko azaroaren 18a
10:57
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoko CFDT, LAB eta CGT sindikatuek agiri bateratu bat plazaratu dute Ipar Euskal Herriko erakundeko administrazio zuzendaritzan dagoen hutsunea salatzeko. Gaur egun, ez dago zerbitzuen zuzendari nagusirik, eta hiru sindikatuek kezka agertu dute egituraren barruan postu horrek orain arte izan duen «prekaritateari» buruz. 2017ko urtarrilean Euskal Elkargoa sortu zenetik, hiru zerbitzuburu izan ditu erakundeak. «Epe horretan, elkargoko zerbitzuek hamasei hilabete baino gehiago pasatu dituzte zuzendari nagusirik gabe. Egoera honek ezin du gehiago iraun», salatu dute sindikatuek.

CFDT, LAB eta CGTren hitzetan, langileen ordezkariek behin baino gehiagotan dei egin diote Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariari, Elkargoko zerbitzuen zuzendari nagusiaren faltaz eta «ezegonkortasun kronikoari» buruz; «arrakastarik gabe». Horrez gain, giza baliabideen eta elkarrizketa sozialaren ardura duen Rene Carrique lehen lehendakariordearekin gaia aipatu izan dutenean, hark «gaia saihestu» izan duela salatu dute. Zuzendari faltaz «kezka» agertu, eta honela galdetu dute agiri bateratuan: «zein dira arrazoiak? Funtzionamendu organigrama akastuna? Agindu politiko argien eskasia? Zerbitzuen zuzendari nagusiari egonkortasuna galarazten dioten barne interakzioak? Etxegarai lehendakariaren borondatea? Ulertu nahi dugu».

Hiru sindikatuek argitu dute elkargoko agenteek administrazioaren eguneroko gaiak «segitu, asumitu eta gauzatu» dituztela, baina, zuzendaririk gabeko «epe luzeak» elkargoaren funtzionamenduarentzat «biziki kaltegarriak» direla. Zuzendari postua «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute. «Erabat kaltegarria eta bidegabea izan daiteke lurralde agenteentzat, adibidez, giza baliabideen arloan zeharkako estrategiak ezartzeko orduan. Elkargoko agenteak aginte politikoen eramaileak dira, zerbitzu publikoaren eginkizunak bete behar dituzte. Argitasuna eta ongi finkatutako jarraibideak egon behar dira», adierazi dute sindikatuek.

Euskal Elkargoa zuzendaririk gabe egotea «onartezina» zaiela adierazi dute CFDT, LAB eta CGTk, «bereziki garai hauetan», COVID-19aren pandemiari erreferentzia eginez. «Disfuntzionamendu adibideak ez dira falteak, eta elkargoko zerbitzuetan galdera anitz dago egoera horri buruz». Ondorioetako bat langileen joatea dela deitoratu dute sindikatuek.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.