ESPAINIAKO AURREKONTUAK

Sanchezentzat, sozio «estrategikoa eta lehentasunezkoa» da EAJ aurrekontuak onartzeko

EH Bilduk aurrekontuei jarritako zuzenketa partzial batek gobernuari eskatzen dio alokairuen prezioa mugatuko duen etxebizitza lege bat aurkeztu dezala hurrengo sei hilabeteetan

Esteban eta Montero, gaur, Kongresuko korridoreetan. EMILIO NARANJO / EFE
2020ko azaroaren 18a
11:53
Entzun

Espainiako 2021erako aurrekontuek hartu dute Kongresuan gobernuari egiten zaion kontrol saioaren lehen partea. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari hainbat alderdik galdetu diote gai honen gainean, ertz diferentetatik. Aitor Esteban izan da horietako bat, EAJko diputatua. Galdetu dio ea zein jarrerarekin egingo dion aurre EAJk eskatutako konpromisoei, Dieselaren gaineko zerga eta AHTa Araba, Bizkai eta Arabako hiriburuetara sartzeko diru sailak daude gai horien artean, eta aurkeztu diren diru sailak ikusita, Estebanen ustez, «nahi genukeenetik urrun daude». Pedro Sanchezek erantzun dio EAJ sozio «estrategikoa eta lehentasunezkoa» dela aurrekontuak onartzeko garaian. Mugimendua eginez erakusten dela erantzun dio Estebanek: «Guretzat, konpromisoak garrantzitsuak dira, serio hartzen ditugulako». Pedro Sanchezek esan dio serio hartzen dituztela konpromisoak, eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren eskua luzatua duela, konpromisoak lortzeko.

Estebanek gero TVEri egindako adierazpenetan azaldu duenez, kontua ez da lehentasunezko soziotzat hartzea, baizik eta konpromisoak betetzea. AHTaren adibidea jarri du: «Otsailean ozen eta argi iragarri zuten Adifek baiezkoa eman ziola; sinatzea bazegoen, zeren zain gaude?». Onartu du, halere, negoziazioetan egon direla aurrerapausoak, baina oraindik asko falta dela azaldu du.

ERC eta EH Bilduk Podemosekin batera aurkeztutako zuzenketari dagokionez, «kezkatzekoa» iruditzen zaio gobernua osatzen duen alderdi batek, eta aurrekontu proiektua aurkeztu berri duenak gainera, gero beste bi alderdirekin gobernuak aurkeztutako aurrekontuei zuzenketa bat jartzea. Atzo ERCk, EH Bilduk eta Podemosek iragarri zuten zuzenketa bat aurkeztuko zietela aurrekontuei etxegabetzeak 2022ra arte debekatzeko.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak eta PSE-EEko idazkari nagusiak ere kritikatu du Podemosek zuzenketa hori jarri izana. «Erakusten dute ez dakitela gobernua izaten, ezta koalizio gobernua ere». Onda Vascari egindako adierazpenetan esan du «jakin behar dela gobernu baten barruan zaudenean barruan negoziatzen, ez dira zuzenketak kanpoan negoziatzen». «Gobernua izaten, eta koalizio gobernua izaten ikasi egiten da; kostatzen ari zaiela ematen du, baina ikastea espero dut», gaineratu du.

Efe berri agentziak iturri sozialistak aipatuz esan duenez, PSOEk lehen kolpean ez du onartuko EH Bilduk, ERCk eta Podemosek aurkeztutako zuzenketa.

EH Bilduk, 29 zuzenketa

EH Bilduk 29 zuzenketa partzial egin dizkio Espainiako Gobernuak planteatutako aurrekontu proposamenari, eta horiek helburu dute sektore publikoa indartzea, Espainiatik Hego Euskal Herrira iristen den trenbide sarea hobetzea, eta, besteak beste, krisian dauden sektoreak erdigunera eramatea.

Zuzenketetako batean, eskatzen dio Espainiako Gobernuari mugatu dezala etxebizitzen alokairuen prezioa, datozen sei hilabeteetan etxebizitza lege berri bat aurkeztuz. Lege horrek barnean bildu beharko luke, koalizio subiranistaren arabera, etxebizitza publikoaren parkea handitzea, eta parke horren barruan sartzea, hain zuzen, erreskatatuak izan diren bankuen jabetza diren etxebizitzak.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.