'Altsasu auzia'

Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea espetxetik atera ahalko dira lan egiteko edo ikasteko

Altsasuko auziagatik oraindik ere kartzelan dauden bakarrak dira bi gazteak. Bigarren graduan kartzelatuta jarraituko dute, baina jarduera horiek egiteko irtetea baimendu die Auzitegi Nazionalak.

Altsasuko gazteen atxiloketen laugarren urteurrenean eginiko ekitaldia, joan den astean, Altsasun (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU
2020ko azaroaren 18a
12:36
Entzun

Lan egiteko edo ikasteko bada, kartzelatik irten ahalko dira aurrerantzean Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auziko bi gazteek. Auzipetu zituzten gazteetatik oraindik ere kartzelan dauden bakarrak dira. Oraingoz, hala jarraituko dute, bigarren graduan, baina irtetea baimendu die Auzitegi Nazionalak. Zaballako espetxean daude biak 2018. urtetik, Iruña Okan (Araba).

Jose Luis Castro epaileak 100.2 artikulua aplikatzea ebatzi du. Artikulu horrek espetxealdia arintzea baimentzen du, nahiz eta bigarren gradua mantenduko dieten biei. Oraingoz, ez diete emango hirugarren gradua. Bi gazteek espetxean duten portaera ona hartu du kontuan epaileak, eta delitua berriz egiteko arrisku txikia dela ere aipatu du. Hala, azken erabakiari esker, espetxealdia unibertsitateko ikasketekin eta lanarekin uztartu ahalko dute bi gazteek.

Biek 932 egun daramatzate preso, atzo Altsasuko gurasoek jakinarazi zutenez. 2018ko ekainaren 1ean ezarri zieten kartzela zigorra, beste sei auzipeturekin batera, kaleko jantzitako bi guardia zibil eta haien bikotekideak jotzea leporatuta. Espainiako Guardia Zibilak ekainaren 5ean atxilotu eta espetxeratu zituen, besteak beste, Cob eta Goikoetxea. Hasieran bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zieten, baina gero Auzitegi Gorenak zazpi urte eta erdira jaitsi zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.