EUSKAL PRESOAK

Patinetean egin nahi dute kartzeletarako bidaia

Euskal presoen seme-alabek salatu dute ume motxiladunak «umezurtz» daudela. Pandemiaren ondoriozko neurriengatik ume batzuek bederatzi hilabete daramatzate gurasoak ikusi gabe.

Xochitl Karasatorre eta Hize Andueza, gaur, Donostiako Ekogunean egindako agerraldian. SARE
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 18a
12:39
Entzun

Ametsek martxotik ez du aita besarkatu, Haizek eta bertze anitzek ere ez. Hizek urte bat beteko du etzi, eta jaio zenetik lau aldiz baino ez du aita ikusi. Lukenek 4 ditu, eta hirutan baino ez da egon aurten aitarekin. Harrik behin ikusi du, Xuharrek eta Axelek hiru aldiz. Arhanek ez dio martxotik muxurik eman aitari. Euskal presoen seme-alabetako batzuen izenak dira, bertze hainbat eta hainbaten errealitatearen erakusgarri. Izan ere, Sarek salatu duenez, ume, nerabe eta gazte anitzek bederatzi hilabete daramatzate preso dituzten gurasoak ikusi gabe, pandemiaren ondorioz espetxeetan ezarritako neurriengatik. Ume horiek «umezurtz» uzten ari direla salatu dute Xochitl Karasatorrek eta Hize Anduezak. Seme-alaba horietako bi dira Karasatorre eta Andueza, hain zuzen, eta ume eta gazte guztien izenean hartu dute hitza gaur Donostiako Ekogunean egindako agerraldian.

Azaroaren 20an Adingabeen Nazioarteko Eguna izanen da, eta oroitarazi dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela gurasoak espetxean dituzten haurrek gainerako umeen eskubide berak dituztela: «Espetxe agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko erraztasunak ematea familia bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da». Espainiako Estatuan, ordea, errealitatea bertzelakoa dela salatu dute: «Ume motxiladunen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten ari dira». Izan ere, Karasatorreren eta Anduezaren arabera, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatua gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea: «Hilabetean behin ikusten dituzte haien guraso presoak, eta honek eragin izugarria du haurrengan». Bidaia «amaigabeek» dakarten «zama» ere ekarri dute gogora: «Haurren lagunak asteburuetan jolasten dauden bitartean haiek errepidean daude». Patinetean joan nahiko lukete haiek, «trenak, autoak edota hegazkinak ordezkatuko dituen patinetean; ume motxiladunek aita, ama edo biak bisitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutelako». Etxetik hurbil dauden seinale bailitzateke hori.

Pandemian, are okerrago

Egoera are okerragoa da azken hilabeteotan, COVID-19aren ondoriozko murrizketengatik batzuk ezin zaizkielako gurasoei bisitan joan, edo ez hain maiz, ezta modu berean ere. Gaur-gaurkoz, izan ere, Espainiako Estatuan etenda daude aurrez aurreko bisitak, eta Frantziakoan pertsona bakarra sar daiteke bisitetara: «Beraz, haurrak ezin dira joan ezin daitezkeelako bakarrik sartu».

Espetxean bizi diren ume motxiladunen egoera «bereziki larria» ere salatu dute: «Aranjuezko espetxean daude Izadi eta Irati, eta bederatzi hilabete daramatzate haien senideak eta gertukoak aurrez aurre ikusi gabe. Bederatzi hilabete daramate kalera irten gabe. Eta udaz geroztik ez dute beren aita ikusi, ondoko moduluan dagoen arren».

Egoera «onartezina» dela nabarmendu du Karasatorrek: «Gurasoekin egoteko eskubidea lehen mailako eskubidea da, eta pandemia egoeraren kudeaketak eta hartzen diren neurriek ezin diote horri bizkarra eman». Egoera aldatzeko «eskumena duten horiei urgentziaz» ekiteko eskatu diete: «Gehiago luzatu gabe, presoek beren jaioterritik gertu egon behar dute, probintzia bereko espetxeetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.