'Bateragune auzia'

Fiskalak eskatu du berriro egiteko 'Bateragune auziko' epaiketa

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen akusatuen eskubideak urratu egin zirela, eta, ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia baliogabetu zuen.

'Bateragune auziko' prozesatuak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko azaroaren 18a
16:32
Entzun

Fiskaltzak aintzat hartu du Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztutako helegitea, eta Espainiako Auzitegi Gorenari eskatu dio berriro egiteko 'Bateragune auziko' epaiketa. 2012an, Auzitegiak sei urte eta sei urte eta erdi bitarteko zigorrak ezarri zizkien ezker abertzalearen bost kideri –Arnaldo Otegi, Rafael Ruiz Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto–, baina, geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen epaiketa ez zela «inpartziala» izan, aho batez ebatzi ere, eta, ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia baliogabetu zuen. Orain, fiskaltzak uste du «prozedura akats bat» baino ez zela egon eta horrek ezin duela ekarri «errudunak zigorrik gabe uztea».

Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztu zuen helegitea, eta alderdi hori izan da fiskaltzaren erabakiaren berri eman duena, sare sozialen bidez. Orain, Auzitegi Gorenak erabaki behar du fiskaltzaren eskaera aintzat hartzen duen –horrek epaiketa berriro egitea ekarriko luke– edo, aitzitik, bazter lagatzen duen.

Epaiketa berriro egitekotan, lehenengo urratsa izango litzateke epaimahaia osatuko luketen epaileak aukeratzea: izan ere, horretan datza Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak detektatutako irregulartasuna, epaiketa ez zela bidezkoa izan esatera eraman zuena; Arnaldo Otegiren defentsak helegitea aurkeztu zuen Angela Murillo epailea aukeratu izanaren kontra, hura «inpartziala» ez zelakoan, eta Auzitegi Gorenak ez zuen onartu helegite hori, aurreko beste auzi batean Murilloren kontrako errekusazioa onartu zuen arren.

Auzian zigortutako bost akusatuek aspaldi bete zituzten ezarri zizkieten zigorrak. Epaia baliogabetu zutenean, horrek ez zuen ondorio praktikorik ekarri prozesatuen egoerari zegokionez, Otegiri kargu publikoa izateko debekua kentzeaz gainera. Ikusteko dago zer gertatuko litzatekeen epaiketa berriz egingo balitz.

Auzitegi Nazionala, kontra

Edonola ere, Naiz agerkari digitalak azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionala berriro azaldu da epaiketa errepikatzearen kontra. Joan den urrian, atzera bota zuen AVT-Verde Esperanza elkartearen eskaera bat, epaiketa berriro egitekoa, eta orain, fiskaltzaren erabakia plazaratzeaz batera, ezker abertzaleko bost kideen defentsak jakin du Espainiako Auzitegi Nazionalak aukera hori baztertu duela ostera ere, «Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenean eta Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik orain plazaratutakoan ez delako horrelakorik aipatzen», Naiz-ek azaldutakoaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.