Euskara

Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du euskaraz jakiteko eskubidea bermatzeko lege proposamena

EH Bilduren arabera, egun euskara ikasteko eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmendu du C1 mailara arteko ikasketek doakoak izan beharko luketela. EAJk eskatu du euskara «eztabaida politikotik» ateratzeko, eta PSE-EEk ez du beharrezkotzat jotzen lege berri bat.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztu du lege proposamena Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 19a
12:56
Entzun

EH Bilduk euskaraz jakiteko eskubidea bermatzea helburu duen lege proposamen bat aurkeztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean eginiko osoko bilkuran, Gasteizen. Hala ere, bertan behera utzi dute proposamena, EAJren, PSE-EEren, PP-Ciudadanos koalizioaren eta VOXen aurkako botoekin. Soilik Elkarrekin Podemosek babestu du. Hala ere, espero zitekeen gaur gertaturikoa. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak orain dela hilabete eginiko adierazpen batzuetan jakinarazi zuen lege proposamenaren aurka zegoela, EH Bilduk planteatutako egitasmoko zenbait puntu dagoeneko Jaurlaritzako programetan daudela nabarmenduta. 

Lege proposamenaren helburua inolako diskriminaziorik gabe herritarrek euskara ikasteko aukera izatea dela adierazi du EH Bilduk. «Gaur egun, aukera hori ez dago bermatuta; izan ere, hezkuntza sistemak ez du oraindik bermatzen ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskara ondo jakingo dutenik». Egitasmo honen beste helburuetako bat izan da DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitzean ikasleen euskararen B2 maila egiaztatu behar izatea. Areago, helduen euskalduntzeari dagokionez, nabarmendu du gaur-gaurkoz ez dela «eskubide unibertsal bat», eta oraindik dirua ordaindu behar dela euskara ikasteko. Beraz, koalizioak proposatu du euskara ikastea doakoa izatea C1 mailara arteko ezagutza lortu arte, eta iritzi dio Jaurlaritzak eginiko urratsak ez direla aski izan.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak hartu du hitza osoko bilkuran, eta adierazi du joan den legegintzaldian bere alderdiak «ia-ia» lege proposamen berbera aurkeztu zuela, eta aldeko botoak jaso zituela, PPrenak izan ezik. «Bi urte geroago, pandemia batekin eta hauteskunde batzuekin, iritzia aldatu du gobernuak, eta kontrako irizpidea eman du, ulertzen zailak diren arrazoiengatik». Haren ustez, «atzerapauso bat» eman dute. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ere egitasmoa atzera bota izana kritikatu du. Nabarmendu du proposamenak ez diela erantzuten «arazo guztiei», baina bai legez jaso beharko liratekeen batzuei, hala nola irakaskuntzaren doakotasunari.

Aurkako botoa

Aurreko legealdian onartutako proposamenaren eta gaurkoan aurkeztutakoaren artean «ezberdintasunak» daudela azpimarratu du Aitor Aldasoro EAJko legebiltzarkideak, eta erantsi horregatik baztertu dutela egitasmoa. Uste du euskara «eztabaida politikotik» atera beharko litzatekeela, proposamen berrian txertatutako puntuetako batzuk dagoeneko legealdi honetako helburuak direlako. Eneko Andueza PSE-EEko kideak, berriz, azken urteotan euskara bultzatzeko hartu diren neurriak izan ditu gogoan, «garrantzitsuak» izan direla iritzita. Ez du beharrezkotzat jotzen euskararen lege berri bat, baina aitortu du agian «eguneratu» egin beharko litzatekeela.

PP-Ciudadanos koalizioaren iritziz, EH Bilduren lege proposamenak «hizkuntza argudio politiko gisa» erabiltzea du helburu, eta «benetako beharrak eta errealitateak» alde batera uzten ditu. Besteak beste, nabarmendu du helduen euskalduntzea ezin dela doakoa izan. VOXek, berriz, esan du herritarrak euskara ikastera behartzen dituela egitasmoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.