Espainiako aurrekontuak

EAJk iragarri du aurrerapausoak eman direla Espainiako aurrekontuen negoziazioetan

Behin betiko akordioa ez bada ere, lau zuzenketa onartu dizkio gobernuak EAJri. Lau aipatu ditu zehazki Estebanek: dieselaren gaineko zerga ez igotzea, makina-erremintarentzat 50 milioiko diru sail bat sortzea, Bilbon Zorrotzako tren geltokia lurperatzea eta hezkuntza duala unibertsitatera eramatea.

Aitor Esteban eta Maria Jesus Montero, Kongresuko korridoreetan. EMILIO NARANJO / EFE
2020ko azaroaren 20a
09:52
Entzun

Aitor Esteban EAJko diputatuak premiazko agerraldi bat egin du Espainiako Kongresuan, iragartzeko aurrerapausoak eman direla Espainiako Gobernuarekin 2021erako aurrekontuak onartzeko negoziazioetan. Iragarri du ez dela behin betiko akordioa, baina jarreraz gain ekintzak ere behar direla gogorarazi dio Estebanek gobernuari, eta, antza denez, ekintza horiek gauzatuz joango dira. 85 zuzenketa jarri dituztela gogorarazi die, baina lehen sorta hauek aurrerapauso garrantzitsua direla aitortu du. Negoziazioetan segituko dute datozen egunetan.

Lau puntu aurreratu ditu Estebanek. Lehenik eta behin, dieselaren gaineko zerga ez igotzea. Estebanek argudiatu du zerga sistema berdearekin konprometituta daudela baina, automozioarentzat eta industriarentzat halako urte zaila izanda, dieselaren gaineko zerga igotzeak sektoreari kalte are handiagoa egingo liokeela, eta, nahiz eta trantsizio betean sartuta dagoen sektorea, orain zerga hori jartzeak lanpostuen galera ekarriko lukeela uste dute. Bigarrenik, 50 milioiko diru sail bat adostu dute makina-erremintarentzat, «lehiakortasunean aurrerapausoak emateko», Estebanek esan duenez. Hirugarrenik, Zorrotzako (Bilbo) tren geltokia lurperatzeko sei milioiko diru sail bat ere adostu dute. Eta, azkenik, hezkuntza dualerako, lanbide heziketatik unibertsitaterako bidea irekitzeko itun berri bat adostu dute.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko burua Gasteizen izan da, eta adierazi du, EAJk aurrekontuei baiezkoa emateko bidea irekita, are eta gutxiago behar duela ERC eta EH Bilduren babesa, eta «bide moderatuaren» alde egiteko eskatu dio Sanchezen gobernuari. Sanchezek aste honetako kontrol saioan Arrimadasi esan zion ez ziola uko egingo ERCrekin eta EH Bildurekin akordioak lortzeari.

Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak penaz hartu du dieselaren gaineko zerga ez igotzea, uste dutelako bizkarra eman zaiola klima aldaketari aurre egiteari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.