Euskal presoak

Frederic Haranburu 'Xistor' espetxetik atera da, 30 urteren ondoren

Eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du urte eta erdiz, eta «baldintza zorrotzak» izanen ditu zortzi urtez.

Haranburu eta senideak, kartzela kanpoan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko azaroaren 24a
09:02
Entzun

Frederic Haranburu Xistor euskal presoak astearte goizean utzi du atzean Lannemezaneko kartzela (Okzitania). Espetxearen atarian zain zituen gertukoak, eta haiek egin diote lehen harrera, Senpereko (Lapurdi) bidea hartu aitzin. 30 urte gatibu izan ondoren, gaurtik aitzina etxean jarraituko du zigorra betetzen, epaitegiak baldintza zorrotzak ezarri baitizkio: eskumutur elektronikoa eraman beharko du hemezortzi hilabetez, eta zenbait neurri bete beharko ditu zortzi urtez. Urriaren 27an onartu zuen haren baldintzapeko askatasun eskaera Parisko Dei Auzitegiak, egiten zuen hirugarrena. «Gaur dugun pozak ez du gorde behar ez dela zinezko askatasun bat. Beste modu batez, baina, kondena betetzen segituko du», adierazi zuen orduan Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Orotara, 30 urte eta 234 egun ditu preso Haranburuk.

EHBai-k «besarkadarik bero eta estuena» helarazi die Haranbururi eta bere senide eta lagunei. Ezkertiar eta abertzaleen iritziz «aurrerapauso politiko inportantea» da Haranburu presondegitik ateratzea, eta Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak bultzaturiko «gogoeta, elkarrizketa eta ildo mobilizatzailearen» ondorio zuzena dela adierazi du; «kolektiboki lortutako urratsa». Hala ere, urteetan zehar Haranburuk eta bere senideek «jasan behar izan dutena» gogoratu dute: «GAL-en atentatua, orain arte luzatutako baldintzapeko askatasun guzien ukazioa, dispertsioa, eritasuna eta abar». EH Baik aldarrikatu du Haranbururen baldintzapeko askapena onartzeko erabakiak ez duela «salbuespen bat» izan behar. «Mobilizazioak bere emaitzak ekarri ditu, eta horretan segitu behar dugu Jakes, Ion, Unai eta azken euskal preso eta iheslari politikoak etxeratu arte».

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak «ongietorria» egin dio astearte honetan Parisko Dei Auzitegiak Haranburu baldintzapean aske uztea onartzeko hartu duen erabakiari. Agiri batean zehaztu du lehen aldia dela ministerio publikoak kontrako errekisizioak eginik ere baldintzapean aske geratzeko eskaera batean Parisko Dei Auzitegiak halako erabaki bat hartzen duela. «Orain arte, lehen instantziako epaileek baizik ez zuten onartu Haranbururen eskaera. Baina, terrorismoaren kontrako fiskaltzak dei egiten zuen sistematikoki, eta Dei Auzitegiak fiskalaren errekisizioak segitzen zituen».

Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta bakegileek osatzen dute Ipar Euskal Herriko ordezkaritza, eta, 2017ko apirilean ETAren armagabetzea gauzatu denetik, Frantziako Justizia Ministerioarekin zuzeneko elkarrizketak izan ditu, euskal presoen auzia konpontzeko helburuarekin. «Erabaki judizial honek 2011n Euskal Herrian hasitako bake prozesuaren inguruan Frantziako justiziak duen ikuspegi aldaketa islatzen duela sinetsi nahi dugu», adierazi dute. «Inoiz baino gehiago, Euskal Herriak bere historiako orrialde berri bat irekitzeko asmoa du, Xistor Haranburuk bezala, 30 urte bete dituzten presoentzat baldintzapeko askapena baimenduz», azpimarratu dute, Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroten kasuei erreferentzia eginez. «Gure aldetik, adi segituko dugu, gatazkaren ondorioei maila guztietan konponbidea ekarriko dien urratsen alde lan eginez».

Ordezkaritzako kide Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Deia egunkariari asteburuan emaniko elkarrizketa batean, iragarri zuen Frantziako Justizia Ministerioarekin bilduko direla aurki. «[Ipar Euskal Herriko] parlamentariak ministerioko kabinetearekin bilduko dira, eta, ondoren, Eric Dupont Moretti ministroarekin bilkura eginen dugu», adierazi zuen. Uztailean izendatu zutenetik Frantziako Justizia ministroarekin eginen duten lehen bilkura da. COVID-19ak kutsatu duen eta larriki gaixo den Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren egoera ere aipagai izanen dutela iragarri zuen Etxegaraik.

Bizi guztiko zigorra

1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Haranburu, Jon Kepa Parot eta Jakes Esnalekin batera, ETAren Argala komandoko kidetzat jota. Beste hainbat lagun ere atxilotu zituzten operazio berean. Bi egun lehenago, Unai Parot atzeman zuten, Sevilla (Espainia) ondoko herri batean —Santaponcen—, errepide kontrol batean. Haranbururen, Parot anaien eta Esnalen atxiloketek harridura sortu zuten, lehen aldia baitzen ETAn pisuzko zeregin batean aritu zirena Ipar Euskal Herriko lagun batzuk. Poliziarentzat ere ustekabea izan zen, orduan aipatu zenez; ez zituzten fitxatuak. Lapurdin atzemandako hiru kideak ez zituzten Espainiaratu, Frantziak ezin baitzuen bere nazionalitateko herritarrik estraditatu —artean euroagindua ez zegoen indarrean—.

1997ko udaberrian epaitu zituen Frantziak Jon Kepa Parot, Esnal eta Haranburu, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zien. Handik urte batzuetara, baldintzapean aske geratzea eskatu zuten, hala ere; 2005etik Parotek, eta 2008tik Esnalek eta Haranburuk. Hala egin dute ordutik, baina ezetz erantzun diete behin eta berriz. Bost aldiz eman diote ezezkoa Paroti, bi aldiz Esnali. Gaur egun, Saint Martin de Ren (Frantzia) dago Esnal, Baionatik 390 kilometrora, eta Mureten (Okzitania) Parot, 280 kilometrora. Azken urteetan, zigor kommutazioaren bidea ere ireki dute defentsako abokatuek, hainbat pertsona ezagunen babesarekin, baina gaur-gaurkoz ez du emaitzarik eman. 2017an egin zuten azken eskaera erantzun gabe dago oraindik; Frantziako presidenteak ez du eskaerari erantzuteko eperik.

30 urte askida

Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen aldeko eragileek behin baino gehiagotan salatu dute Esnal, Haranburu eta Paroten egoera. Aurtengo udaberritik, mobilizazioak ugaritu dituzte, 30 urte aski da! lelopean, euskal preso horiek aske utz zitzatela eskatzeko. Irailaren 19an, ekintza sinboliko bat egin zuten Baionako suprefeturaren aitzinean. Baionako suprefeturako sarrera adreiluzko pareta batekin estali zuten bakegileek, Frantziak gatazkaren konponbideari jarri dion «blokeoa» salatzeko. Handik egun batzuetara, Esnal baldintzapean aske uzteko eskaera ukatzen zuela jakinarazi zuen Parisko Dei Auzitegiak, eta Haranbururena ukatzeko eskatu zuen terrorismoaren kontrako fiskaltzak. Esnal, Haranburu eta Parot «hiltzea» egotzi zion, orduan, Frantziari Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak.

Haranbururen askapena onartzeko erabakian, Frantziako justiziaren bilakaera bat ikus liteke, batzuen ustez. Aurki Frantziako Justizia ministroarekin bilduko direla jakinarazi du berriki Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.