Arrantza

Aztik 230.000 tona antxoa gazte izango direla aurreikusi du Juvena azterketan

Antxoaren biomasa "maila jasangarri eta osasuntsuan" dagoela dio zentro teknologiak txosten batean, eta 2021eko harrapaketak "ertainak-altuak" izango direla.

Antxoa, Ondarroako portuan, saldu berria. JON FERNANDEZ
xabier martin
2020ko azaroaren 24a
11:01
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Aztik elkarlanean egindako Juvena antxoa gaztearen biomasa neurtzeko ikerketak albiste onak ekarri dizkie arrantzaleei: 2021. urteko kanpaina ona izango dela aurreikus daiteke biomasa horren oparotasunari dagokionez. Aztik 230.000 tona antxoa dagoela ikusi du bere laginen bidez, eta horrek "maila jasanagarri eta osasuntsuan" uzten du antxoaren biomasa.

Juvena azterketak udaberrian egindako Bioman azterketaren emaitza onak berretsi ditu. Hark 330.000 tona antxoa heldu izango zirela aurreikusi zuen, eta espezieak azken urteotan izan duen bilakaera onak segida izango du 2021. urtean ere. Izan ere, urtebete baino gazteagoa den antxoaren biomasa "maila osasuntsuan" dago, Guillermo Boyra Juvena azterketaren arduradunaren arabera. "Ez dugu aurreikusi arriskurik 2021. urteko kanpainari dagokionez. Aurreikus daiteke harrapaketa oparoak izango direla". 2019ko Juvenak 114.000 tona aurreikusi zuen; 2018an, berriz, 490.000 tona; eta 2017an, gehieneko historikoa jo zuen, 725.000 tona antxoa gazte atzemanda.

Inoizko itsas eremu zabalena

Aurten, azterketa eremua zabaldu du Aztik ozeano Atlantikoan, ohi baino iparralderago ere jo baitu, eta Europako beste zenbait institutuk egin dituzten azterketekin osatu du bere txostena. Cadizko golkotik Mantxako kanalerako urtean egin dituzte azterketak antxoaren biomasa neurtzeko, eta horrek "inoiz baino ikuspegi zabalagoa" eman dio Aztiri.

Ultrasoinu igorpenen bidez, 400 metroko sakonera aztertzea lortzen dute zientzialariek, eta jasotako oihartzunaren arabera egiten dituzte kalkuluak. Juvena azterketa oinarrizkoa da biomasan aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari diren antzemateko, eta neurriak hartu ahal izateko aldez aurretik. Aztik garbi utzi du "soilik kudeaketa jasangarri baten bidez" eutsi ahal izango diola sektoreak jarduerari aurrerantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.