Gatibu

Gatibuk disko berria aterako du datorren ostiralean, inoizko «ezberdinena»

‘Musikak salbatuko gaitu’ pandemiaren egoeraren harira eginiko lana da, eta berrikuntzak dakartza sonoritateari dagokionez, besteak beste. Lehen ‘single’-a ‘Emon egurre’ da, eta gaur estreinatuko dute bideoklipa, 00:00etan, taldearen sare sozialetan.

Gatibuk gaur goizean aurkeztu du disko berria, 'Musikak salbatuko gaitu', Bilboko Biran. ARITZ LOIOLA/ FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 26a
14:24
Entzun

Berezia behar zuen 2020ak Gatibu taldearentzat, aurten hogei urte bete baitituzte. Efemeridea Biboko Bizkaia Arenan antolatutako kontzertu batekin ospatzea zen asmoa, martxoaren 28an, baina egun horretan ezin izan ziren oholtzara igo. Horrek are bereziagoa egin zuen urtea haientzat. Kontzertua bertan behera geratu zenean, «hortzak estutu» zituzten, Haimar Arejita taldekideak esan duenez, eta «jendeari baikortasuna helarazteko kantu berriak egitea erabaki» zuten. Pandemia betean ondutako lana izan da, beraz, Musikak salbatuko gaitu diskoa. Abenduaren 4tik aurrera egongo da salgai, baina gaur bertan entzun ahal izango da lehen single-a, Egurre emon: 00:00etan estreinatuko dute bideoklipa, taldearen sare sozialetan.

Bilboko kontzertua «bide berriak urratzeko erronka» gisa definitu du Arejitak; haren faltan, bideok beste modu batera egin dituzte. Izan ere, disko berria taldearen «ezberdinena» dela adierazi du musikariak: «Gatiburen energiaz betetako rock klasiko horretatik gutxi dago. Errekurtsoak ez dira hain biziak, nahiz eta kantu indartsurik badagoen. Gitarrak ez du aurrekoetan bezalako protagonismo sendorik». Lanean «funky, elektronikoa» eta bestelako estilo batzuetako kantak topa daitezke, Mikel Caballero taldekideak aletu bezala. Ricky Falkner ekoizlearekin egin dute lan oraingo honetan, eta horrek eragina izan du sonoritatean eta testuretan.

Hitzak ere ez dira betiko horiek, Alex Sardui kideak azaldu duenez. Musika eta hitzak «momentuko unetik» sortzen direnez, egungo egoerak erabat baldintzatu ditu; egoera nolakoa den kontuan izanda, hitzekin «gehiago konprometitu» dela adierazi du abeslariak: «Letrak garatzen ahalegindu gara, eta gauzak diren moduan esaten». Ez dute saiakera bakarrik egin, ordea; diskoko sei abestietako bat, Zure ahoan lore bat, hain zuzen, Kirmen Uriberen errezital batekin hasten da, eta Eñaut Elorrietak kantatzen du estribilloa.

 

Disko berriko ertz guztiak daude egunerokoz blaituta. Izenburua iradokitzailea da, eta argia da helarazten duen mezua; lanaren azala ere bide beretik doa. Diego Mirrena da irudia: bertan, iceberg baten eran kokatuta dagoen binilo disko bat ageri da, eta, uretatik kanpo dagoen zatian, hartz bat dago. «Metaforikoa» dela azpimarratu du Arejitak: «Biniloak hartza salbatu duen bezala, gu musikak salbatuko gaitu. Egoera txarretan, musikak asko laguntzen dio gizarteari. Itxialdian ikusi da: musikara jotzen dugu lehenbizi halako egoeretan gure existentzia penagarria hobetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.