'Bateragune auzia'

Konstituzionalak bigarrengoz uko egin dio Otegiren inhabilitazioari buruz erabaki bat hartzeari

Europaren erabakiaren ondorioz zigorra bertan behera gelditu izana baliatu du auzia sakon aztertzea saihesteko. 2016an ez zuen tramiterako onartu, orduan ere gaiari buruz erabaki beharra saihestuta.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. IñIGO URIZ
Eider Goenaga Lizaso.
2020ko azaroaren 26a
14:58
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari Bateragune auzian ezarritako inhabilitazio zigorrari buruz ebaztea saihestu du, bigarrengoz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Azaroaren 24an jakinarazitako ebazpenean, Konstituzionaleko 2. Aretoak dio zigor hori bertan behera utzi duela Espainiako Auzitegi Gorenak —uztailean gelditu zen baliorik gabe—, eta, ondorioz, «babes helegitearen objektua desagertu» egin dela.

Otegiren defentsak aurkeztutako helegitea tramiterako onartu zuenean, 2018ko abenduan, «garrantzi berezia» eman zion Konstituzionalak berak gaiari buruzko erabaki bat hartzeari, oinarrizko eskubide bati zegokiolako eta gaiaren inguruko doktrinarik ez zegoelako auzitegi horretan. Bi urte geroago, ordea, izkin egin dio doktrina ezartzeari, argudioak aztertzeari eta, finean, gaiaren mamian sartzeari.

Bateragune auziko epaiagatik kasik sei urte eta erdian preso egon ondoren, 2016ko martxoaren 1ean atera zen kartzelatik Otegi. 2011n, Auzitegi Nazionalak hari 2021eko otsailera arteko inhabilitazio zigorra ere ezarri zion. Otegiren abokatu Iñigo Iruinek 2016ko abuztuko agerraldi batean esan zuen sufragio pasiborako inhabilitazio berezia kartzela zigorraren «osagarri» gisa jarri ziola Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta, Espainiako Zigor Kodearen eta Auzitegi Goreneko eta  Konstituzionaleko jurisprudentziaren arabera, zigor nagusiarekin «batera» betetzen direla «zigor osagarriak», une berean. Otegiren kasuan, Iruinek adierazi zuen haren sufragio pasiborako eskubidea indarrean zegoela espetxetik irten zenetik.

Kargu publikoetarako inhabilitazioa ere ezarri zioten, baina zehazteke zer karguri eragingo zion, eta, Iruinek azaldu zuenez, Espainiako jurisprudentziak dio zehaztu ezean ezin dela ezarri kargu publikoetarako inhabilitazioa.

Ez da lehen aldia inhabilitazio horren aurkako babes helegite bat Auzitegi Konstituzionaleraino iristen dena. 2016an, hain justu ere, beste babes helegite bat aurkeztu zuen auzitegi horretan Arnaldo Otegiren abokatuak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Otegik lehendakaritzara aurkezteko eskubidea aldarrikatu zuten, behin kartzela zigorra beteta, haren eskubideak urratzen zituelako inhabilitazioari eusteak. Hauteskundeen atarian, 2016ko irailean etorri zen Konstituzionalaren erantzuna. Ez zuen babes helegitea tramiterako onartu ere egin.

Mamira sartu gabe

Ez zuen mamira sartu nahi izan, aurretik Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea eta Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegia sartu ez ziren bezala, eta irailaren 6an atzera bota zuen defentsaren babes helegitea. Iruinek salatu zuen «zigor osagarria» zena «zigor nagusi» gisa hartu zutela, izaera aldatuta. Abokatuak ez zuen Europara jo, eta berriro hasi zuen ibilbide judiziala. Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu haren helegitea. Ezta gero —2017ko irailean— Gorenak kasazio helegitea ere. 2018ko abenduan, behin Estrasburgoko auzitegiak Bateragune auziko epaiketa bidegabea izan zela ebatzi ostean, Konstituzionalak tramiterako onartu zuen  babes helegitea, eta erabakitzearen garrantzia nabarmendu.

Ia bi urteren buruan etorri da Auzitegi Konstituzionalaren erabakia, Auzitegi Gorenak epai hura eta ondorioz inhabilitazioa bera baliogabetu eta lau hilabetera. Otegiren kasuan, haren egoera ez zen aldatuko, inhabilitazioa kendu egin baitzion Auzitegi Gorenak uztailean. Konstituzionalak, baina, saihestu egin du Bateragune auzia edo Arnaldo Otegiren inhabilitazioa izatea doktrina bat ezartzeko arrazoia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.