ESPAINIAKO AURREKONTUAK

Madrilgo aurrekontuei baietz esan diete EH Bilduren militantziaren %91,5ek

Mahai politikoaren proposamena berretsi dute oinarriek

EH Bilduk ezoiko batzarra egin du. Argazkian, Otegi, Mujika eta Karrere. EH BILDU
2020ko azaroaren 26a
20:24
Entzun

Espainiako Gobernuaren 2021eko aurrekontuak onartuko ditu EH Bilduk. Koalizio subiranistaren mahai politikoak aurrekontuak babesteko eskaera egin zien militanteei, joan den astelehenean, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiaren bidez, eta oinarrien %91,5ek baietza eman diote, gaur, proposamenari. “Ados zaude EH Bilduk Espainiako Diputatuen Kongresuan dituen bost diputatuek PSOE-Podemosen Gobernuaren aurrekontuei baiezko botoa ematearekin?”. Galdera horri erantzun diote, telematikoki, militanteek. 1.588 boto zenbatu dituzte guztira: 1.453k baietz bozkatu dute, 89k ezetz, eta 46 zuri egon dira. 

Koalizioaren iturriek «positiboki» baloratu dute batzarraren garapena, eta uste dute «barne demokraziaren ariketa bat» izan dela. «Bakoitzak bere iritzia libreki adierazteko aukera izan du». Parte hartze «handia» izan zela adierazi dute, eta, nabarmendu, %91,5 horrek «berme zabala» ematen diola mahai politikoak egindako proposamenari..

Otegik astearen hasieran nabarmendu zuenez, aurrekontuei baietza ematea hobetsi du koalizioaren zuzendaritzak, «eskubideak lortzeko eta eskuina geratzeko». Gogoratu zuen, gainera, PSOEren eta UP Unidas Podemosen arteko gobernuari “bide” eman ziotela. Aukera berriak ikusi zituzten, eta, koordinatzaile nagusiak “leiho” hori “irekita” mantentzea defendatu.

Horrekin lotuta, gaur eguerdian bertan jakinarazi du EH Bilduk Madrilgo gobernuarekin beste hiru zuzenketa onartzea lortu zuela: 10 milioi aeronautika sektorearentzat, 48 trenaren azpiegiturarentzat eta hiru milioi Nafarroako Pirinioetako landa gunearentzat. 

Mireia Zarate EAJren EBBko idazkariak, aldiz, auzitan jarri du EH Bilduren baiezkoak «euskal errepublikaranzko bidea» erraztuko duenik. Uste du EH Bilduk aurrekontuen negoziazioan sartuta «norabide aldaketa» egin duela «eta horren bidez babesten dute EAJk azken hamarkadetan egindako lana». 

Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileak «historikotzat» jo du EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicanak Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestea, historikoki «uzkurrak izan direlako estatuarekin». Hain zuzen, Ciudadanoseko buru Ines Arrimadasek ere baieztatu du ez dituztela aurrekontuak babestuko. Horrenbestez, inbestiduran babestu zutenekin egingo dute aurrera Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurrekontuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.