Finantzak

BBVAk eta Sabadellek ez dute lortu bat egiteko akordiorik

Sabadellentzat, BBVAk eskainitako dirua ez da nahikoa.

BBVAren Bilboko egoitza nagusia. LUIS TEJIDO / EFE
2020ko azaroaren 27a
08:17
Entzun

BBVAk eta Sabadellek joan den astearen hasieran adierazi zuten ofizialki biak batzearen inguruko negoziazioak hasiak zirela. Gaurko goizaldera arte iraun dute elkarrizketa horiek, jakinarazi dutenez. Sabadelli iruditu zaio BBVAk ordaindu nahi zuen prezioak ez zuela kontuan hartu negozioaren potentziala eta bankuaren independentziaren galera. «Bi aldeek ez dute akordiorik lortu entitateen akzioak trukatzeko ekuazioari buruz», esan dio Sabadellek Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari.

BBVAk ere bidali dio mezu bat batzorde horri, esanez negoziazioak amaitu egin direla, azalpen gehiagorik eman gabe. Ikusteko dago merkatuek nola erantzungo dioten erabaki horri. Sabadell %32 igo da elkarrizketen berri eman zutenetik, nahiz eta oso kotizazio baxuak zituen lehen. BBVAk %19ko igoera izan du tarte horretan.

Zenbait hedabidek azaldu dutenez, bi bankuak ez zetozen bat auzi nagusietan. BBVAren asmoa zen akzio truke batekin ordaintzea, eta, zabaldu dutenez, Josep Oliu Sabadelleko presidenteak entitate berriko presidenteorde izatea eskatu du. Iturri horien arabera, Carlos Torres BBVAko presidenteak ez du nahi izan, besteak beste, Villarejo auzia dela eta. Izan ere, Torres auzipetuko balute eta presidente izateari utzi beharko balio, boterea Oliuren eskuetan gera litekeelako.

Bi bankuek bat eginez gero, aktibotan 950.000 milioi euro lituzkeen finantza erakunde bat sortuko litzateke, Caixabanken eta Bankiaren baturak izango duenaren antzeko tamainakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.