EUSKAL PRESOAK

Sarek eta Etxerat-ek presoen alde mobilizatzeko deia egin diote gizarteari

Azken ortziraletako protestak batera deituko dituzte. Bi taldeen ustez «euskal gizartea da estatuak eta gobernuak mugiarazten dituen motorra», eta, beraz, karrikara ateratzeko deia egin dute.

Patricia Velez Etxerat-eko bozeramailea, gaur, Gasteizen. ETXERAT
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 27a
13:30
Entzun

Etxerat-en eta Sareren ustez «bizi dugun unean merezi du ahaleginak batzea», eta, hori dela eta, azken ortziraletako presoen aldeko protestak elkarrekin deituko dituzte bi taldeek —gaur dira egitekoak—. Patricia Velez Etxerat-eko bozeramaileak eta Joseba Azkarraga Sarekoak Gasteizen egin duten agerraldian gizarteari protesta egiteko deia egin diote, horrek duen garrantzia azpimarratuta: «Gizarte aktibazioak eta mobilizazioak duten garrantzia dela eta, presoak Euskal Herrira ekartzeko eta bakea eta elkarbizitza lortzeko bidea atzeraezina izan dadin; izan ere, euskal gizartea da estatuak eta gobernuak mugiarazten dituen motorra».

Etxerat-ek eta Sarek adierazi dutenez, azken hilabeteotan Espainiako Estatuko espetxeetan izan diren mugimenduak salbuespen egoeraren «amaieraren hasiera» izanen direlako «itxaropena» dute. BERRIAren azken zenbaketen arabera, 2018ko ekainetik 93 euskal preso Euskal Herriratu edo hurbiltzea iragarri dute —horietako mugimendu batzuk oraindik ez dituzte gauzatu—. Nolanahi ere, presoen aldeko taldeek berriro ere azpimarratu dute mugimendu horiek ez direla nahikoa: «Mugitutako preso horietako gehienak ehunka kilometrora daude oraindik, hemezortzi presok espetxean jarraitzen dute gaixotasun larriak izan arren, eta Espainiako espetxeetan dauden 172 presoetatik 127 lehenengo graduan daude oraindik». Salatu dute «aske izateko helburuarekin euskal presoek bete nahi duten ibilbide juridikoa blokeatuta» dagoela, «kasu gehienetan».

Bi taldeen ustez, orain arteko mugimenduek ez diete erantzuten «Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren eskakizunei». Etxerat-en eta Sareren arabera, hain zuzen, espetxe politikaren «normalizazioa» euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean gertatuko da. Hori horrela izan dadin, euskal gizarteari eta Frantziako eta Espainiako gobernuei egin diete deia, «euskal gizartearen nahiaren bidea oztopatzeko eta hondatzeko nahia dutenei horrelakorik egiten utz ez diezaieten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.