Irun

PSEk eta Elkarrekin Podemosek ituna egin dute Irungo Udala gobernatzeko

Bihar aurkeztuko dute akordioa. Joan zen otsailera arte EAJrekin gobernatzen zuen PSEk Gipuzkoako hirian, baina koalizioa hautsi egin zuten.

Jose Antonio Santano (PSE) eta David Soto (Elkarrekin Podemos) Irungo aurrekontuei buruzko akordioa sinatzen, urtarrilean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2020ko azaroaren 27a
21:15
Entzun

Irungo Udala (Gipuzkoa) koalizioan gobernatzeko ituna egin dute PSEk eta Elkarrekin Podemosek. Bihar azalduko dituzte itunaren baldintzak.

Joan zen otsailera arte EAJrekin gobernatzen zuen PSEk Gipuzkoako hirian, baina koalizioa hautsi egin zuten, Jose Antonio Santano alkateak Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi Xabier Iridoi kargugabetu ondoren. Iridoi jeltzaleen eleduna zen udalean. Josune Gomez eta Lourdes Larraza zinegotzi jertzaleek karguak utzi zituzten, Iridoiri elkartasuna agertzeko. Geroztik bakarrik gobernatu du hiria PSEk, gutxiengoan, 25 zinegotzietatik hamar baino ez dituelako.

Elkarrekin Podemosekin elkartuta, gehiengoa edukiko du Santanok, alderdi morearen lau zinegotziei esker.

EAJk zazpi zinegotzi ditu, EH Bilduk hiru, eta PPk bakarra.

PSEk eta EAJk ez dute harreman onik Irunen. Iazko ekainean, hauteskundeen ondoren udala osatu aurretik, Iridoik esan zuen EAJ-PSE ituna «orokorra» zela, baina Irungoa «kasu berezia» zela, eta bide beretik jo zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Hori entzunda, Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak kezka adierazi zuen EAJren jarreragatik. Irungo «gatazka» konpondu ezean, horrek beste udalerritan eragina izan zezakeela ohartarazi zuen Anduezak.

EAJ-PSE akordioan eraginik ez

Dena den, Joseba Egibar EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak gaur esan du Irungo Udalean PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek egin duten itunak ez diela eragingo jeltzaleek eta sozialistek dituzten gobernu itunei. «Printzipioz, ez dugu betebeharrik gobernuko batzordeetan sartzeko», adierazi dio EITBri. «Akordio bat dugu alderdi sozialistarekin, eta lotzen gaituenera lotzen gaitu bakarrik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.