EUSKAL PRESOAK

Haranbururena ikusita, Bakegileek bertan behera utzi dute abenduaren 19ko egitasmoa

Presoen aldeko desobedientzia zibileko ekintza bat prestatua zuten Bakegileek abendurako, baina ez egitea erabaki dute. Frederique Haranburu 'Xistor' baldintzapean aske uzteak «egoera alda dezake», haien ustez, eta Haranbururen epaiak Jakes Esnali eta Ion Paroti «bidea irekitzeko» lan egitea hobetsi dute.

Bakegileek irailaren 19an Baionako suprefeturaren aitzinean egindako desobedientzia ekintza. BOB EDME
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 30a
11:47
Entzun

Euskal presoen gaia Frantziako Estatuan blokeatuta zegoela ikusita, «gogorrago jokatzea» erabaki zuten Bakegileek joan den urriaren 17an egindako ezohiko batzarrean, eta abenduaren 19rako desobedientzia zibileko egitasmo bat eginen zutela iragarri zuten, bertze anitzen atariko. Gogoratu dutenez, egitasmo horrek izaera «masibo eta determinatua» behar zuen, «tokiko eta Frantziako iritzi publikoari interpelazioa egiteko, eta kostu politiko garrantzitsua izan zezan blokeo horren aldekoen artean». Ekintza hori bertan behera uztea erabaki dute orain, ordea. Eta ez da koronabirusagatik.

Izan ere, adierazi dutenez, gauzak aldatu egin dira mobilizazio ziklo hori iragarri zutenetik: hain justu, kartzelatik atera da Frederique Haranburu Xistor, 30 urteren ondotik, baldintzapean. Eta, Bakegileen iritziz, «Haranbururen baldintzapeko askatasunak eta haren aldeko motibazioek egoera alda dezakete». Bakegileek uste dute erabaki «garrantzitsua» dela Haranbururi buruz epaileak harturikoa, «bide juridikotik Frantzian kartzelatutako euskal presoen egoerari aukera berriak eskaintzen baitizkio». Bakegileek «sinetsi» nahi dute «Euskal Herrian 2011z geroztik abian den bake prozesuarekiko Frantziako justiziaren ikuspegiaren aldaketa» dela erabaki judizial hori. 

Ez dadin salbuespen izan

Bakegileek uste dute Haranbururi buruzko erabakia bertze hainbat erabakiren aurrekari izan daitekeela; edo hala nahiko lukete, behintzat: «Epai honek 30 urtez preso diren Jakes Esnal eta Ion Paroten baldintzapeko askatasunei bidea ireki diezaien lan egin behar dugu». Eta horri eman nahi diote lehentasuna. Era berean, Bakegileek uste dute Frantziako Estatuan preso daudenen zigorren «beste kudeaketa bati atea ireki» diezaiokeela Haranbururenak: larriki eri diren Ibon Fernandez Iradi eta Juan Cruz Maiza Artolaren kasuak aipatu dituzte. Horregatik erabaki dute desobedientzia zibileko ekintzarik ez egitea: «Blokeatutako egoera orokor bat konpontzen laguntzeko pentsatua zen. Orain zentzua izango luke baldin eta irekitako arteka hori berriz hesten bada, Euskal Herriko bakea iraunkorki elikatzeko handitu beharrean».

Hala ere, mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute, «inoiz baino gehiago». Erraterako, heldu den urtarrilaren 9an Bake Bidearekin batera protesta eginen dutela iragarri dute —laster emanen dute informazio gehiago—. Haranbururena salbuespena izan ez dadin lanean segitzeko deia egin dute: «Datozen asteetan eta hilabeteetan, egiaztatu beharko dugu Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna ez dela araua berresten duen salbuespena, baizik eta gatazkatik behin betiko ateratzeko borondatearen adierazpena, biktima eta preso guztientzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.