Zientzia

Areciboko irrati-teleskopioa hondoratu egin da

Besteak beste, estralurtarrak aurkitzeko lanean ibili da azken hamarkadotan. Azaroaren 19an apurtu egin zen egiturari eusten zion bigarren kablea, eta desmuntatu egingo zutela iragarri zuten. Baina berandu izan da.

Areciboko irrati-teleskopioa, hondoratu aurretik. EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 1a
16:03
Entzun

Areciboko (Puerto Rico) behategiko irrati-teleskopioaren 900 tonako plataforma hondoratu egin da gaur, han goiza zenean. Ikono bihurtu da 60 urteko egitura, espazioaren ezagutzan eginiko lanarengatik; besteak beste, estralurtarren bilaketan izan duen eginkizunarengatik.

Irrati-teleskopioaren plataforma, diskoaren kontra amilduta.Dennis Vazquez

«Lagunok, samin handiz jakinarazten dizuet Areciboko Behategiaren plataforma erori egin berri dela», idatzi du Twitterren Deborah Martorell meteorologoak, behategiko lankideak aipatuta. Zientzialariak zabalduriko argazkian, egitura zegoen tokia agertzen da, haren arrastorik gabe, hauts zantzuak airean. Egitura azpiko disko erraldoiaren gainera erori da.

Egitura arazoak zituen plataformak. Abuztuan kable laguntzaile bat hautsi zen, eta 30 metroko zulo bat sortu zuen azpiko diskoan. Azaroaren 6an, hari eusten zion altzairuzko kableetako bat hautsi egin zen. Isasias ekaitz tropikalak Puerto Rico astindu ondoren zabaldu zuten berriz, baina ez zuten argitu fenomenoak eragina izan ote zuen ezbeharrean. Kalteak konpontzeko ahalegina egin zuten, baina ingeniariek ikusi zuten konponduta ere egitura kolokan egongo zela luzera begira. Horregatik, azaroaren 19an, teleskopioaren arduradunek iragarri zuten egitura desmuntatu egingo zutela, «erortzeko arriskua» zegoelako, Zientzien Fundazio Nazionaleko zuzendari Sethuraman Panchanathanek azaldu zuenez.

Hau da hondoratu den egitura.Mario Roberto Duran Ortiz

Puerto Ricoko iparraldean dago behategia, eta erreferentzia izan da mundu osoko zientzia komunitatearentzat. Izan ere,besteak beste, Lurraren inguruan orbitatzen duten asteroideen bila aritu dira teleskopio erraldoiari esker, planeta arriskuan jar baitezakete. Horrez gain, espazio urruneko objektuak, pulsarrak eta irrati uhinak aurkitu eta behatu dituzte hamarkada luzez.

Adimen Estralurtarraren Bilaketa egitasmoaren tresna nagusietako bat izan da egitura. Esne Bidea galaxian zibilizazio baten zeinuen bila aritu dira han jasotako uhinak aztertuta. Hainbat filmetan agertu da, besteak beste  GoldenEye (1995), Species (1995), eta Contact (1997), baita The X-Files telesailean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.