ESPAINIAKO AURREKONTUAK

Etxegabetzeak eteteko zuzenketa bateratua kendu dute EH Bilduk, ERCk eta UP Unidas Podemosek

Bi indar subiranistek argudiatu dute erabakia hartu dutela auzia bideratzeko lege dekretu bat onartzekotan delako Espainiako Gobernua

Aizpurua (EH Bildu), Asens (UP), eta Rufian (ERC), haien atzean, zuzenketa aurkeztu zutenean. MARISCAL / EFE
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 1a
17:35
Entzun

UP Unidas Podemosek, ERC Esquerra Republicanak eta EH Bilduk kendu egin dute gaur orain dela bi aste Espainiako 2021eko aurrekontuei jarritako zuzenketa partzial bateratua, etxegabetzeak 2022ra arte eteteari buruzkoa. Zuzenketa horrek PSOEeko buruzagiak haserretu zituen, baina, joan den ostegunean, zuzenketa erregistratu eta astebetera, Pablo Iglesias UPko lider eta Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak jakinarazi zuen PSOEk eta UPk osatutako koalizio gobernuak auzia bideratzeko neurriak aurkeztuko zituela «hurrengo egunetan». Ministroen kontseilua lege dekretu bat onartzekoa da laster. «Espero dut bi aste baino gehiago ez pasatzea», adierazi zuen Iglesiasek.

UPren iturriek Espainiako hedabideei adierazitakoaren arabera, dekretua Gabonak baino lehen sartuko da indarrean. Zuzenketa partzialaren alternatibak, ordea, bide luzeagoa egin beharko zuen, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu ahal izango zuten, azkarrenez.

EH Bilduk eta ERCk zuzenketa kendu dutela baieztatu dute, ohar bateratu bat plazaratuta. Bi indar independentisten arabera, erabakia hartu dute «dekretu berriaren negoziazioa ez oztopatzeko, eta Unidas Podemosek jarrai dezala etxegabetzeen debekua barrutik negoziatzen». Uste dute «positiboa» dela gobernuak bere esku hartzea «etxegabetze guztien etetea». Iruditzen zaie, gainera, PSOEk haien «eskakizunak» onartu dituela, eta alde horretatik «zenbait konpromiso» hartzeko prest dagoela. Gogoratu dute, bide batez, auziari buruz bakarka aurkeztu zituzten zuzenketa partzialei eusten dietela, «gobernua Kongresutik estu hartzen» segitzeko. «Orain arteko emandako pausoak ez dira nahikoa». Kendu izan ez balute, atzo zen Kongresuan bozkatzekoa joan den astean aurrekontuen batzordean EAJk, PSOEk eta Ciudadanosek atzera botatako zuzenketa bateratua.

Dekretuak zer jasoko duen

Beste tokirik ez dutenen etxegabetzeak eta oinarrizko horniduraren —argia, ura eta gasa— eteteak debekatzea planteatzen zuten hiru indar politikoek zuzenketa bateratuan. COVID-19ak ekarritako krisi sanitario eta ekonomikoak eragindako etxegabetzeak 2021eko urtarrilaren 31 arte debekatzea erabaki zuen gobernuak pandemiaren hasieran, eta debekua luzatzea adostu zuten Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Sanchezek.

Ez dago argi negoziatzen ari diren dekretuak zer jasoko duen. «Dekretu honek ez du etxegabetze guztiak eteteko gaitasuna», ohartarazi zuen Iglesiasek lehengo astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.