Gizartea

Adingabeen kontrako sexu abusuak aztertzeko lantalde bat eratuko du Eusko Legebiltzarrak

Talde guztien babesarekin eratuko dute batzorde txostengilea. Adituen eta biktimen lekukotzak entzungo dituzte.

Adingabeen aurkako sexu abusuak salatzeko manifestazio bat, Getxon (Bizkaia). JUANAN RUIZ/ FOKU
edurne begiristain
2020ko abenduaren 2a
16:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako ekinbidea aho batez onartu dute Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Bertan sortuko dute lantaldea, helburu honekin: haur eta nerabeen sexu indarkeriako kasuak aztertzea, prebenitzea eta biktimei ordaina ematea. Joan den legealdian hasitako lanei jarraipena emango die batzorde berriak. Izan ere, hauteskundeak zirela medio, bertan behera geratu ziren batzordearen lanak, eta talde hura berreskuratu eta berriro martxan jarri nahi dute orain.

Adingabeen aurkako sexu abusuen inguruko txosten bat landuko du lantaldeak, eta bertan, sexu abusuak prebenitzeko, gertatukoari buruzko egia bilatzeko eta biktimei ordaina emateko proposamenak jasoko dituzte. Halakorik berriro gerta ez dadin bermatzeko mekanismoak zehaztuko dituzte, halaber. Biktimei ordaina emateko tresnei dagokienez, arreta eta laguntza emateko bide ezberdinak aztertuko dituzte.

Eva Juez EAJko legebiltzarkideak gaur goizean azpimarratu du garrantzitsua dela biktimei «ahotsa» ematea aurrera egin nahi bada. «Sexu abusuen biktimei entzutea ezinbestekoa da haien mina konpontzeko eta prebenitzeko». Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, eskerrak eman dizkie joan den legealdian euren lekukotzak eman zituzten adingabeei, eta azaldu du ponentziaren asmoa dela lekukotza horiek «politika publiko» bilakatzea. Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik ezinbestekotzat jo du biktimei «benetako erreparazioa» ematea, eta PPko Laura Garridok joan den legealdiko lanekin jarraitzeko galdegin du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA