Hizkuntza eskubideak

Hizkuntza gutxituen aldeko proposamena erregistratu dute Espainiako Kongresuan

Hamar alderdik erregistratu duten legez besteko proposamenean, besteak beste, hau eskatu diote Espainiako Gobernuari: «gaztelania ez den berezko hizkuntzen» ofizialtasunerako estatutu erreformak susta eta babes ditzala.

jarraia190640.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 3a
10:57
Entzun

Espainiako Kongresuan agerraldi bateratua egin zuten joan den otsailean euskararen, katalanaren, aragoieraren, asturieraren eta galizieraren alde ari diren eragileek —Euskal Herritik Kontseilua—, eta bilera egin zuten Espainiako Gobernua ahalbidetu zuten talde parlamentarioekin. Bertan eskatu zieten benetan berma zezatela estatuko hizkuntza aniztasuna, «berezko hizkuntza guztiei segurtasuna, bermea eta aitortza osoa» emateko. Konpromisoak hartzeko eskatu zieten eragileek alderdiei, eta berezko hizkuntzei eman ziezaietela benetako babesa. Pandemia iritsi zen, ordea, eta, orduz geroztik, ekinbide hori geldirik izan dute alderdiek.

Gaur goizera arte. BNG, EAJ, EH Bildu, JxCat, PDCAT, ERC, CUP, Compromis, Mas Madrid eta Unidas Podemos alderdiek legez besteko proposamena erregistratu dute Espainiako Kongresuan «hizkuntza eskubideak eraginkorki erabiltzea ahalbidetuko duen politika aktiboak» eskatzeko. Izan ere, Espainiako estatuko herritarren %45 berezko hizkuntza duten lurraldeetan bizi dira, eta alderdiek erregistratutako testuak dio «milioika herritarrek normaltasunez» bizi nahi dutela, «edozein herritarrek gaztelaniaz bizitzeko dituen baldintza berdinetan».

Hori guztia gaur egun «ezinezkoa denez», zortzi puntuko testua erregistratu dute honako hau eskatzeko, besteak beste: ekintzak abian jartzea «gaztelania ez diren berezko hizkuntzek» aitortza bera izan dezaten, eta hiztunek eskubide eta betebehar berberak izan ditzaten; berezko hizkuntza duten lurraldeetan diharduten langile publikoek hizkuntza jakitea bermatzea; errealitate eleaniztuna onar dezala gobernuak, eta estatuaren administrazioak hizkuntza ezberdinetan funtzionatzen duela berma dezala —besteak beste, Auzitegi Konstituzionalean, Auzitegi Gorenean, zein Gizarte Segurantzako erakundeetan—; berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu erreformak bultza eta babes ditzala hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean, edo lurralde osoan; estatuko araudian dagoen «gaztelaniaren legezko inposizioa» bertan behera utz dezala; eta eremu linguistiko bera duten lurraldeetako administrazioek hizkuntza jatorrizko hizkuntza horietan lan egin ahal izatea ahalbidetzea.

Berezko hizkuntzen ofizialtasuna babestea eta sustatzea aipatzen den puntu horrek eragina izan dezake Nafarroan. Euskara ez baita ofiziala lurralde osoan, eta hamar alderdiek Espainiako Kongresuan erregistratutako eskaerak ofizialtasuna eremu osoan ezartzeko erreforma ekar dezake.

Kontseiluaren txaloa

Egitasmoaren sustatzaileak eragile hauek izan ziren: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalizacion Lingüistica, Accio Cultural del Pais Valencia, Ciemen, Escola Valenciana, Omnium eta Plataforma per la Llengua. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan du berri ona dela alderdiek gaur aurkeztu duten legez besteko proposamena, eta gogora ekarri du puntu horiek oinarrian eragile horien denen testua dagoela. «Txalotu nahi dugu alderdiek guk egindako proposamenari baiezkoa eman eta aurrera eraman izana. Zinez uste dugu hau dela eragile desberdinen arteko lankidetzarako eredua».

Kontseilutik diote, ordea, bidea ez dela amaitu. Hurrengo asteetan ekinbidea sustatu zuten eragileek agerraldi bateratua egiteko asmoa dute. Horrez gain, berriz ere harremanetan jarriko dira alderdiekin, hurrengo hilabeteetan legez besteko proposamenaren inguruan izango den eztabaidaz hitz egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.