Hizkuntza gutxituen alde «bustitzeko» eskatu diote eragile sozialek Espainiari

Kongresuan izan da Kontseilua, beste eragile batzuekin. Benetako neurriak eskatu dituzte herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko

Eragileetako ordezkariak, atzo, Espainiako Kongresuan. BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Espainiaren gobernabiderako gehiengo berriak ikusita, hizkuntza gutxituen aldeko ekimen irmoago baten eske jo dute gizarte eragileek Madrilera. Espainiako Kongresuan izan ziren atzo euskararen, katalanaren, aragoieraren, asturieraren eta galizieraren alde ari diren eragileak —Euskal Herritik, Kontseilua—, eta bilera bat egin zuten gobernua ahalbidetu duten taldeekin. Eskatu diete benetan berma dezatela estatuko hizkuntza aniztasuna, «berezko hizkuntza guztiei segurtasuna, bermea eta aitortza osoa» emateko. Konpromisoak hartzeko eskatu diete, finean, «bustitzeko»: gobernuak egin nahi dituen aldaketen artean, sar dezatela berezko hizkuntzen benetako babesa ere.

 

Joan den urrian, dokumentu bat aurkeztu zuten hizkuntza gutxituen alde diharduten eragile horiek: Hizkuntza aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia. Aukera berdintasuna bermatzeko eskatu zioten estatuari: gaztelaniak duen adinako babesa izatea berezko hizkuntzek. Besteak beste, mahai gainean jarri zuten hizkuntza horien ezagutza orokortzeko neurriak hartu beharra, eta erabiltzeko eskubidea bermatzea. Horrek ekarriko luke gaztelaniak legeetan orain daukan gailentasuna aldatzea: «Bertan behera utzi behar da gaztelaniaren legezko inposizioa».

Urrian aurkeztu zuten dokumentu hura, hauteskundeen atarian, eta kezka azaldu zuten eskuineko alderdiekin, kanpainan proposatu baitzuten muga gehiago jartzea hizkuntza gutxituen aldeko legeei. Kongresuan gutxiengoan daude talde horiek, baina gizarte eragileek ohartarazi dute «atzerakada mehatxua» hor dagoela, eta oztopatzailea dela hori.

Alderdi politikoei begira

Eskuineko alderdien aldarrikapenen aurrean, gizarte eragileek nabarmendu dute Espainiako Estatuak barneratu behar duela «estatu eleaniztuna» dela, ia herritarren erdiak bizi direlako berezko hizkuntza bat duten erkidegoetan. Eskubideak bermatzeko betebeharra dutela ohartarazi diete talde politikoei, eta ekimena hartu behar dutela: «Alderdiak ezin dira ikusle huts izan gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea eragotziko duten neurriak martxan jartzeko mehatxuen aurrean».

Joera iraultzeko deia helarazi dute, hortaz, Madrilera: ofizialtasuna hizkuntza gutxituak dauden eremu guztietara zabaltzea, adierazpenetatik haragoko neurriak ekartzea, hizkuntza eskubideak bermatzea, eta gaztelaniaren gailentasuna gainditzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.