ESPAINIAKO AURREKONTUAK

Aurrekontuak onartu ditu Espainiako Kongresuak

188 boto lortuta, gehiengo osoa aise gaindituta, atera ditu aurrera PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak.

Sanchez, Calvo eta Iglesias, gaur, Espainiako Kongresuan. MARISCAL / EFE
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 3a
13:50
Entzun

Aurrekontu berriak ditu Espainiako Gobernuak. Kongresuak gehiengo osoz onartu ditu, gaur, eta, hortaz, aurrekontu horiek ordezkatuko dituzte azken bi urteotan bi aldiz luzatu behar izan dituztenak, 2018ko ekain bukaerakoak. Aste bakan batzuk zeramatzan presidentetzan Pedro Sanchezek (PSOE), eta onartu eta gaur egun arte iraun dutenak PPk proposatutako aurrekontuak dira. Espainiako presidenteak atzo Kongresuan esan zuenez, «beste garai batekoak» dira duela bi urte aurrera ateratako aurrekontuak.

Gehiengo sinplea nahikoa zuen gobernuak aurrekontuak onartzeko, baina gehiengo osoa —176 boto dira Kongresuan— aise gaindituta atera dituzte aurrera. 188 diputatuk bozkatu dute alde (PSOE, UP, EAJ, ERC, EH Bildu,
PDeCAT, Compromis, Mas Pais, Nueva Canarias eta Teruel Existe), eta 154k kontra (PP, Vox, Ciudadanos, JxC, CUP, UPN, BNG, Foro Asturias eta Coalicion Canaria). Zortzik ez dute bozkatu. Sanchez presidente inbestitua izan zenean baino 21 boto gehiago lortu dituela gobernuak, alegia.

COVID-19ak eragindako krisi sozioekonomikoak baldintzatutako aurrekontuak dira. Urri bukaeran aurkeztu zuen aurrekontu proiektua PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak, eta Pablo Iglesias (UP) presidenteorde bigarrenak nabarmendu zuenez, Espainiak «inoiz» edukitako aurrekonturik «sozialenak» dira. Sanchezen arabera, Espainiak «beste norabide bat» hartuko du horiek indarrean sartzen direnean.

Eta gobernuaren asmoa da horiek urte berriarekin sartzea indarrean. Behin Kongresuko tramitazioa bukatuta —joan den astean batzordeko galbahea igaro zuten aurrekontuek—, proiektua Senatura bidaliko dute. Hilaren 22rako eta 23rako goi ganberan aurreikusitako osoko bilkuran onartuko dute, okerrik ezean. Kongresura itzuliko da atzera, eta gobernuaren asmoa da hilaren 29an behin betiko onartua izatea.

UPNk izan ezik, Kongresuan ordezkaritza daukaten Euskal Herriko alderdi guztiek aurrekontuen alde bozkatu dute. Idoia Sagastizabal EAJren diputatuak gaurko osoko bilkuran adierazi du ezinezkoa zela pandemiak eragindako krisiari 2018ko aurrekontuekin aurre egitea, eta berriak onartzea «ezinbestekoa» zela. Astelehenean hasi zen aurrekontuei buruzko debatea Kongresuan, eta Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak herenegun esan zuen «etapa berri bat» hasten dela aurrekontuak berrituta. Azpimarratu zuen, gainera, eskuinak jada ez daudela «ekuazio politikoan».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.