Kanariak

Atzerritarrentzako zentro itxi batean sartzea debekatu diote eurodiputatu talde bati

EH Bilduko eta Unidas Podemoseko ordezkariak Barranco Seco CIEra joan dira migratzaileak han nola dauden ikustera, baina Espainiako Poliziak ez die utzi sartzen. «Gertaturikoa harrigarria da», salatu du Barrenak.

ander perez zala
2020ko abenduaren 4a
15:43
Entzun

EH Bilduko eta UP Unidas Podemoseko ordezkari politikoak Kanarietako Barranco Seco CIE atzerritarrentzako zentro itxira joan dira migratzaileen egoera ezagutzera, baina Espainiako Poliziak ez die utzi sartzen. Jon Iñarritu koalizio subiranistaren Espainiako Kongresuko diputatuak salatu du bigarren aldia dela Espainiako Barne Ministerioak ez diola gune horretan sartzen utzi: «Aitzakia eta argudio desberdinak ematen dituzte. Esan digute dena ez dagoela ondo antolatuta, eta oraindik muntatzen ari direla».

Iñarriturekin batera izan da Europako Parlamentuko ordezkaritza bat, EH Bilduko Pernando Barrenak, UPko Miguel Urbanek eta Suediako Ezkerreko Alderdiko Malin Bjorkek osatua. Poliziaren ezezkoaren ostean, Urban kezkatuta agertu da CIEan dauden migratzaileen egoeraren inguruan, «batez ere 72 ordu baino gehiago» daramatenengatik, eta errealitate batez ohartarazi du: orain arte soilik Espainiako Poliziak eman diela ezezkoa. «Kezkagarria da».

Aldiz, Frontex eta «Europako bestelako agentziak» Barranco Secon sartzen direla salatu du UPko eurodiputatuak: «Egoera fiskalizatu nahi dugu, eta ezin dugu halakorik egin».Bjork, Urban, Barrena eta Iñarritu Kanarietako Barranco Seco CIEaren sarreran, gaur, polizia batekin hizketan. @Left_EU

Barrenak BERRIAri adierazi dio «gertaturikoa harrigarria» dela: «Horrelako zentro askotan egon gara Grezian, Kroazian, [Europako] batasunean dauden hot spot-etan, inongo arazorik gabe, eta non eta estatu espainolean izaten dira halako arazoak, eta emandako arrazoiak ez dira onargarriak».

Bjorkek, berriz, ohartarazi du egoera «kritikoa» dela, eta garrantzitsua dela «Moria gehiago ez sortzea», Greziako egoerari erreferentzia eginez: «Politika hau lotsagarrria da Europarentzat. Oinarrizko eskubideak urratzea eragiten du».

Aurten 19.000 errefuxiatu baino gehiago iritsi dira Kanarietara, Espainiako Barne Ministerioaren arabera; denera, 640 patera ingurutan, horietako gehienak Kanaria Handia irlara. 2006az geroztik izandako kopururik handiena da, eta, iazkoarekin konparatuta, gorakada nabarmena izan da: %881,7 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.