Ingurumena

GHK-k dio Zubietako erraustegian energia sortzeko baimena jaso duela

Gipuzkoako Ingurumen diputatuak dio Zubietako erraustegiaren jarduera normaltasunaren barruan dagoela. Erraustegiaren jarduera eteteko eskatu diote EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak.

Erraustegia, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko abenduaren 4a
16:09
Entzun

Joan den asteazkenean jakin zen Zubietako erraustegia industria jarduerari dagokion baimen garrantzitsu bat gabe geratu dela, eta martxan jartzeko behin-behineko aktarik gabe ere ez dela eten erraustegiaren jarduera.  Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako lehendakariak gaur arratsaldean jakinarazi du Zubietako erraustegia daraman enpresak argindarra sortzeko instalazioa martxan jartzeko behin-behineko baimena jaso duela. Arratsaldean bertan jaso dute jarduera baimentzen duen agiria, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ukatu eta lau egunera. Asensiok ohar batean adierazi du baimena luzatzen duen agiriak agerian uzten duela batzuk «manipulatu» nahi izan dutela «tramite administratibo hutsa» izan dena. «Garrantzitsuena da Gipuzkoak lehen mailako azpiegitura duela eta hondakinen kudeaketaren arazoa konpondua duela».

Ohar hori bidali baino ordu batzuk lehenago, Asensiok agerraldia egin du Zubietako erraustegiari buruzko azalpenak emateko, eta ukatu egin du inolako arazorik dagoela erraustegiaren baimenekin. Azpimarratu du ingurumen eta industria jarduerarekin lotutako lizentziak «behin betikoak» direla. Beharrezko baimen guztiak dituela berretsi du. Hala ere, gaineratu du ez dutela ezer ordaindu eta ez dutela ezer ordainduko erraustegia abian jartzeko akta sinatu arte.

Ingurumen diputatuak azaldu du otsailetik Gipuzkoa «buruaskia» dela hondakin guztiak kudeatzeko eta ez duela zabortegirik erabiltzen. Alde horretatik, esan du orain arte 100.000 tona hondakin baino gehiago tratatu dituela, eta hortik ia 4 milioi kilowatt-orduko energia sortu dela balorazio energetikoaren bitartez; horietatik %84 Red Electricak kudeatzen duen sistemara bidali dela esan du, eta gainerako %16a plantaren autokontsumora bideratu dela.

Goizean, EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek eta Elkarrekin Gipuzkoako Maria Valientek agerraldi bateratua egin dute Batzar Nagusietan, eta kezka agertu dute Zubietako erraustegiaren inguruan gertatzen ari den guztiarekin. Hala, erraustegiaren jarduera bertan behera uzteko eskatu dute bi taldeek, baita enpresari ordainketak eteteko ere, egoera argitu bitartean. Adierazi dute hondakinen kudeaketa pribatizatu izanak kontrol publikoa eragozten duela eta horren ondorioak ari direla ikusten azken hilabeteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.