Donostia ospitaleko ZIUko langileek «elkar zaintzeko» eskatu dute, bertsotan

Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 4a
16:53
Entzun

Bob Marleyren No, Woman, No Cry kantuaren doinuekin, eta Felix Zubia medikuak ondutako bertsoak kantatzen, bideo bat egin dute Donostia ospitaleko zainketa intentsiboetako unitateko langileek. EITB Maratoiaren ekimenaren barruan egin dute bideoa.

Sendagileak, erizainak, laguntzaileak, zaintzaileak eta mantenuko langileak agertzen dira bideoan, koronabirusaren eraginen kontrako eguneroko borrokan irudi batzuetan, eta abesten bestetan. Hauek dira Zubiak eginiko bertsoak:

«Martxotik hasi eta gaur arte
gabiltza EPIa jantzita.
Une gogorrak ditugu, baina
ez gaude guztiz etsita.

Sufrimendua, bakardadea
Isolamenduaz batera.
Heriorekin borrokan eta
bizitzak aurrera atera.

Ez negar egin, gu elkarrekin.
Ez negar egin, gu elkarrekin.

Lehen olatua pasa zen eta
eman dugu bigarrena.
Zientzia dugu lagun on eta
jendartearen kemena.

Txertoa dugu bidean eta
itxaropenaren printza dakar
arren, unea iritsi arte
segi denok zaintzen elkar.

Ez negar egin, gu elkarrekin.
Ez negar egin, gu elkarrekin.»

Amaieran, testu baten bidez besarkada bat bidaltzen diete izurriaren eraginez «norbait galdu» dutenei, eta txaloak eskaintzen dizkiete animo mezuak bidali dizkietenei. «Segi dezagun elkar zaintzen».

ZIUko sendagilea izateaz gain, komunikatzaile trebea da Zubia. Euskadi Irratiko Osasunaren etxea irratsaioa egiten du, Arantza Artza kazetariaren gidaritzapean. Joan zen astean, Rikardo Arregi saria jaso zuten biek koronabirusaren inguruan azken hilabeteotan egindako lanarengatik. «Zerbitzu publiko eredugarria» eskaini dutela nabarmendu zuen epaimahaiak, eta azken hilabeteetan erreferentzia bihurtu direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.