EUSKAL PRESOAK

Zuerako espetxea gradu progresiorako «oztopoa» dela salatu du Foro Sozialak

Motibazio Politikoko Euskal Presoei Aplikatutako Espetxe Politikaren Behatokiak hirugarren txosten monografikoa kaleratu du: oraingoan, Zuerako espetxearen «bide itsuaz». Ohartarazi du lehen graduan dauden presoek ezinezkoa dutela bigarrenera igarotzea, eta bigarrenean daudenei ez dietela baimenik ematen.

Behatokiko kideak, joan den urrian, bigarren txosten monografikoa aurkezen. Hirugarrena da gaur zabaldurikoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 7a
10:57
Entzun

Euskal Herritik 245 kilometrora egon arren, «bide itsu bat» da Zuerako espetxea (Zaragoza, Espainia), euskal presoei ez dielako gradu progresioan aitzina egiteko aukerarik ematen. Halaxe salatu du Foro Sozialak sorturiko Motibazio Politikoko Euskal Presoei Aplikatutako Espetxe Politikaren Behatokiak. Gai zehatz bat hartuta egiten duen hirugarren txosten monografikoa da: aurrekoa bakartzeari buruz egin zuten, eta Zuerako espetxeko egoera lantzea erabaki dute oraingo honetan. Izan ere, Behatokiak salatu duenez, Zuerako kartzela Euskal Herritik hurbil daudenen artean kokatua badago ere, «oztopoa» da euskal presoen gradu progresiorako. Hain zuzen, txostenean salatu dute lehen graduan dauden presoei ez dietela bigarrenera igarotzeko aukerarik ematen, eta bigarren graduan daudenek, berriz, ez dutela irteera baimenik eskuratzen.

Zortzi euskal preso daude gaur egun Zuerako espetxean, eta epe motzean bertze sei eraman beharko lituzkete, Espainiako Espetxe Erakundeek iragarritako hurbilketen helmugen artean baitago Zaragozako kartzela. Behatokiak azaldu duenez, ordea, egoeraren berri duten presoek ez dute hara joan nahi: «Hurbiltzen dituzten hainbat preso horra eramaten dituzte, baina, kartzela horretara iritsita, presoek ez dute inolako aukerarik graduetan aurrera egiteko. Zinezko bide itsu bat da, eta errealitate hori ezagutzen duten presoek ez dute horra hurbilduak izan nahi».

Zueran dauden presoen adibide zehatzak eman dituzte txostenean. Erraterako, Iñaki Bilbao Gaubekak, Kepa Legina Aurrek, Francisco Mujika Garmendiak eta Juan Luis Agirre Letek zigor luzeak dituzte, espetxe urteen hiru laurdenak beteta, eta ez diete uzten bigarren gradura igarotzen. «Sorgin gurpil» bat dela salatu du Foro Sozialak, ez baitiete espetxeko programetan parte hartze uzten: «Lehen graduan sailkatuta dauden presoek ezin dute normaltasunez parte hartu programetan, eta, beraz, ezin dute frogatu kartzelako erregimen arruntera egokitzen direla; eta, ezin duenez hori egin, ez diote graduz aldatzen uzten. Eta berriz hastera». Behatokiak salatu du «denboran luzatzen den epai, helegite eta auto kate bat» dela, «zeinaren ondorioz preso askok lehen graduan bukatzen baitituzte zigorrak, bigarren gradura igaro, baimenak lortu eta hirugarren gradura pasatzeko aukerarik izan gabe». Berdin gertatu zaie bigarren graduan egonda Zuerara eraman dituzten presoei: ez diete utzi irteera baimenak lortzen, eta, beraz, hirugarren gradura igarotzen. Kepa Arronategi preso eriaren kasua jarri dute adibide, eta oroitarazi dute, bertze anitzetan bezala, «iraganeko» argudioak erabili izan dituztela hari buruzko ebazpen judizialetan: erraterako, ETAn berriro sartzeko arriskua, nahiz eta 2018an erakunde armatuak bere burua desegina izan. Behatokiak ohartarazi du haren kasua azkenean ebatzi bazen abokatuei esker eta Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiagatik izan zela —Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni zentrora eramatea lortu zuten, azkenean—, eta ez Zuerako espetxeko tratamendu batzordeari esker.

Foro Sozialaren ustez, Zueran gertatzen dena lehendik salatu izan duten lobby-aren «beste erakustaldi bat» da, eta Behatokiaren txostenak kezka azaldu du halako egoerak antzeko hurbileko espetxeetan errepika ez daitezen. Halaber, joan den urtean proposaturiko «guztion eta guztiontzako euskal bidea» jorratu nahia berretsi du foroak, presoak hurbiltzea eta graduetan aurrera egiteko modua emango lukeena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.