Euskal Presoak

Giza katea eginen dute Bakegileek urtarrilaren 9an Baionan

Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasunaren jarraipenean, preso guzien auzia «behin betiko» konpontzeko eskatu dute. Abenduaren 26an ekimen bateratuak antolatuko dituzte.

Bakegileen agerraldia, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko abenduaren 9a
11:54
Entzun

Argi dugu: presoak orain! lelopean giza katea eginen dute Bakegileek urtarrilaren 9an Baionan. 17:30ean eman dute hitzordua eta gutxienez 2.000 pertsona batu nahi dituzte Errobi ibaiaren inguruan. Parte hartzaileei aitzinetik izena eman eta bakoitzak bere metroa erreserbatzeko deia egin diete, eta kultura, kirola, politika eta gizarte eragileei ere dei berezia egin diete. Irailaren 19an egin zuten mobilizazioari jarraipena emanez, ekimen bat baino gehiago abiatu dituzte tokian toki eta horien bateratze bat eginen dute abenduaren 26an, Argitu plazak! lelopean.

Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasunarekin, 2020. urtea "esperantza izpi" batekin bukatu dutela adierazi dute Bakegileek, eta Euskal Herrian ere, gainerako herrialdeetan bezala, bakerako bidea ezinbestean presoan auzia konpontzetik pasatu behar dela berretsi dute. "Atzoko gatazkak eta atzoko sufrimenduek eragindako sentimendu legitimoak baino indartsuagoa den etorkizuneko borondate komun batek gainditu behar gaitu. Presoen egoeraren berehalako aldaketa da ikuspegi erradikal horren elementu bat". 

Haranbururen erabaki "positiboaren" ondotik, abenduaren 19rako aurreikusia zuten desobedientzia ekintza "suspenditzea" erabaki zuten Bakegileek. "Osoki mobilizatuak eta erne egon arren, blokeo politikoak etapa berri bati tokia emango diola sinetsi nahi dugu, eta erritmo azkarragoan, gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzeko aurrera eginen dela". Haranbururen erabakiaren jarraipenean, Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroten kasuak, biziki eri diren presoak, preso zaharrak eta gainerako guziak aipatu dituzte. "Zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta bateraezinagoa da presondegiaren nozioa bera bakerako bidearekin". Baldintzapeko askatasunekin eta "asmatu beharreko beste mekanismo batzuekin" presoen auzia "behin betiko" konpontzera jo beharko dela erran dute. Justizia trantsizionalaren beharra azpimarratu dute.

Oroimen kolektiboa

Hala ere, Bakegileek azpimarratu dute presoen auzia konponduta ere ez dela "denei bakea emanen dien" bidearen bukaera izanen, "gatazkaren edozein aldetakoa izanik ere". 2017ko apirilaren 8an ETAren armagabetzea burutu ondorengo ekitaldian izandako hitzartzea ekarri dute gogora: "Ezerk ez du gure eztabaidetatik ihes egin behar. Historia hau egin zuen ezer ez da saihestu edo ezkutatu behar. Dena azterketa kritikoaren eta hausnarketa politikoaren menpe jarri behar da, eskakizun bakar batekin: gure desberdintasunak demokratikoki konpontzea". Ariketa hori funtsezkoa dela berretsi dute bakegileek. "Guztion oroimen kolektiboa errespetatzen lagundu behar du". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.