Osasuna

EHUko ikasleen %14k gantz gehiegi dute gorputzean

Unibertsitateak argitaratutako tesi batek seiehun ikasle baino gehiago elkarrizketatu ditu. Ondorioztatu duenez, oro har, ikasleen dieta proteina eta gantz askokoa da, eta karbono hidrato eta zuntz gutxikoa. Gainera, gehienetan, jarduera fisiko gutxi egiten dute, eserita denbora asko igarotzen dute, alkohola neurrian edaten dute, ez dute erretzen eta behar beste ordu egiten dute lo.

EHUko ikasle batzuk ikasten, iaz, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko abenduaren 10a
11:37
Entzun

%14,4 da Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen gainpisu prebalentzia. Hala ondorioztatu du Nerea Telleria Aranburu ikerlariak argitaratu berri duen tesi batek. Azaldu duenez, ikerketak « datu baliotsuak eman ditu ikasleen obesitatearen konplexutasuna eta dimentsio aniztasuna hobeto ulertzeko eta prebentzio eta tratamendu estrategiak diseinatzeko». Ikerketa EHU12/24 proiektuaren parte da.

Tesia osatzeko, seiehun ikasle boluntario baino gehiago elkarrizketatu dituzte, eta hainbat ondorio atera; besteak beste, dieta ohiturak eta bizitzeko erak aldagai demografikoekin eta ikasleak ikasten ari diren titulazioko jakintza arloarekin lotuta daudela. Telleriaren ikerketak dioenez, gorputzean gantz gehiegi izateko arrisku handiena gizonek dute, adin handieneko ikasleek, maila sozioekonomiko txikienekoek eta Osasun Zientzietako ikasketak egiten ari direnek.

Horrez gain, oro har, unibertsitateko ikasleek jarduera fisiko gutxi egiten dute, eserita denbora asko igarotzen dute, alkohola neurrian edaten dute, ez dute erretzen, eta behar beste ordu egiten dute lo, ikerketaren arabera. Eta zein dira obesitatearen arrisku faktoreak? Nagusiki, elikadura eredu desegokia, kalitate gutxiko dieta eta bestelako bizimodu ez-osasungarria. Horiek elkartzen badira, noski, nabarmen handitzen da gorputzean gantz gehiegi izateko arriskua.

Aztertutako ikasleei hainbat datu eskatu dizkiete: demografikoak, sozioekonomikoak, akademikoak, norberaren eta  familiaren gaixotasun aurrekarienak, bizimoduaren ingurukoak, gorputz irudiaren ingurukoak, pisuaren kontrolarenak eta nutrizioaren arloko ezagutzarenak. Gainera, denei neurri antropometrikoak hartu zizkieten, eta, horietatik abiatuz, adipositate indizeak kalkulatu dituzte. Hala, ondorioztatu dute obesitatea duten ikasleek gogobetetasun txikiagoa dutela beren pisuarekin eta gorputzaren irudiarekin, eta zenbat pisatzen duten aitortzeko zailtasun handiagoa ere bai.

Munduko unibertsitateetan, %22

Dena den, EHUko datuak onak direla esan daiteke munduko gainontzeko unibertsitateekin alderatuz gero. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2016an argitaratu zuenez, unibertsitateko ikasleen gainpisu prebalentzia % 22 inguru da munduan. Hori, nagusiki, kultura eta ingurumen arloko eraginen, energia handiko dieten, elikagai anoen tamaina handitzearen eta bizimodu sedentarioa izatearen ondorioa da, OMEren arabera.

EHUk argitaratu duen ikerketa Marta Arroyo Izaga doktoreak zuzendu du, EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Sailean egin da, eta bikain cum laude kalifikazioa jaso du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.