Memoria

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa ez onartzeko eskatu dute memoria eragileek

'Memoria osoa, bizikidetzaren alde' kanpaina aurkeztu dute hamahiru memoria eragilek, eta manifestuarekin bat egiteko eskatu diete erakundeei, eragileei eta norbanakoei.

'Memoria osoa, bizikidetzaren alde' kanpaina aurkeztu dute hamahiru eragilek. MEMORIA OSOA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko abenduaren 10a
12:54
Entzun

Hamahiru memoria elkartek Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren proiektua ez onartzeko eskatu dute gaur Gasteizen eginiko agerraldi batean. Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkeztu dute, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean berean. Haien arabera, Euskal Herria memoria duen herri bat da, eta ezin dira ahaztu gaur arte egondako giza eskubideen urraketak. Bizikidetza eraikitzearen aldeko urratsak egin nahi dituzte, baina adierazi dute zentro horren proiektuak bizikidetzaren eraikuntzaren aurka egiten duela. Hain zuzen, Espainiako Gobernuak gune hori Gasteizen eraikitzeko erabakia hartu zuen 2014an. Webgune bat ere martxan jarri dute, gaur aurkeztu duten manifestuarekin bat egiten dutenek beren atxikimendua eman dezaten.

Kanpainarekin bat egin dute, besteak beste, Egiari Zor fundazioak, Intxorta 1937 elkarteak, Gernika batzordeak eta Sanferminak 78: Gogoan! elkarteak. Inolako bazterkeriarik eta diskriminaziorik gabeko memoria osoaren aldeko hautua egin dute, bizikidetza eraikitzeko erronka mahai gainean jarrita: «Asko dira gure zauri irekiak, eta ez ditugu ahaztu indarkeria adierazpen ugarik eragindako marka horiek». Elkartutako eragileek uste dute erronka horrek kolektiboa izan behar duela, eta bizikidetza «ikuspegi integral batean» oinarritu behar dela, azken hamarkadetako «sufrimenduaren mapa» osatzen duten errealitateak ahaztu gabe. «Norabide on horretan pauso batzuk eman dira, tokian tokiko esperientziak eta dinamikak, modu inklusiboan bizikidetza eraikitzea errazten dutenak». Halere, argi dute bidea «zailtasunez» beteta dagoela, «estrategia diskriminatzaileak» daudelako: «Nabarmenak dira arriskuak».

Bide horretan dagoen arrisku nabarmenetako bat Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroa bera dela nabarmendu dute memoria elkarteek. Jakinarazi dutenez, gune horren oinarrian lege bat dago, eta horrek «1960ko urtarrilaren 1etik erregistratutako terrorismoaren adierazpen guztien biktimekiko aitorpen, errespetu eta elkartasun zeinua» izan nahi duela zehazten du. Hala ere, salatu dute lege horren planteamendutik kanpo gelditzen direla data horren ostean edo lehenago Espainiako Estatuaren aparatuek egindako giza eskubideen urraketen milaka biktima. Areago, erantsi dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartutako legeetan dagoeneko biktima horietako batzuk gogoan hartzen direla, baina aitortza ez dela beste batzuen adinakoa. «Biktima asko daude aitortu gabe eta giza eskubideen urraketen mapara gehitzeko».

Zentroaren planteamendua gaitzetsi, eta giza eskubideen urraketa guztiak oinarri izango dituen proiektu «eraikitzaile eta integral» baten aldeko aldarria egin dute. Izan ere, uste dute zentroak bazter uzten duela biktimen errealitatearen zati handi bat, eta hori bizikidetzarako arazo bat dela. Beraz, zentroaren proiektua ez onartzeaz gain, memoria osoa oinarri hartuko duten dinamikak bultzatzeko eskatu diete Euskal Herriko erakundeei eta elkarteei, eta baita bazterkeriarik gabeko bizikidetza eraikitzekoa ere. Instituzioekin, oraingoz, ez dira harremanetan jarri, baina beraien atxikimendua eman dezakete kanpainarako propio sortu duten webgunean. Hala ere, aitortu dute nahiko luketela ahalik eta instituzio gehienek manifestuarekin bat egitea: «Uste dugu oso oinarrizkoa dela eskatzen duguna, eta argia dela egungo eskubideen urraketa eta biktima askorekiko bazterkeria».

Kanpainarekin aurrera

Manifestuarekin bat egiteko aukera izango dute norbanakoek, eragileek eta erakundeek datozen egunetan. Baina, horrez gain, memoria eragileek azaldu dute kanpaina gizarteratzeko asmoa dutela, eta beraz, ekimen berriak aurkezteko dituztela. Hala ere, oraindik ez dute aurreratu zeintzuk izango diren planteamendu berri horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.