Zubietako (Gipuzkoa) erraustegira bisita egingo dute gaur Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, eta bertan erakutsiko dute Alemaniatik heldu berri den transformadore nagusia. Hala jakinarazi du GuraSOSek hainbat hedabiderekin egindako bilera batean. Transformadore nagusia irailaren 1ean erre zen, pizten saiatu zirenean. Abuztuaren 17an eman zioten erraustegiari abian jartzeko behin-behineko baimena Eusko Jaurlaritzako Industria sailetik, baina azaroaren 15ean epea amaitu zitzaion.
Asensiok eta Olanok «Gipuzkoako Ingurumen Gunea» abian jartzeko ekitaldia egingo dute. Alabaina, GuraSOSek ohartarazi du oraingoz transformadorea frogatu egin beharko dutela, eta martxan jartzeko baimenak eskuratu. «Oraingoz ez du halakorik, aurrekoan Asensiok aurkeztu zuen Industriaren dokumentuak ordezko transformadoreak aipatzen baititu». Guraso taldeak iragarri du fiskaltzara joko duela hurrengo orduotan erraustegia legeztatzeko prozesuan atzeman dituen «irregulartasunak» salatzeko.
Bestalde, beste informazio bat ere eman du. Hain zuzen ere, erraustegiaren bi labeak «homologatu» eta «legeztatu gabe» daudela. «Bi labeak ez daude seriean eginda, baizik eta erraustegi honetarako propio sortuta. Horrek esan nahi du tenperaturarik gorenean jarri behar direla martxan homologatu ahal izateko. Erabili dituzten ordezko transformadoreekin ezin izan dute tenperatura horretara iritsi, ez daukatelako behar besteko potentziarik». GuraSOSek iragarri du 100.000 tona hondakin erraustu dituztela homologatu gabeko bi labetan, eta gaineratu du Nortegasera joko duela gas gehiagorekin hornitu ez dezan eskatzera.
Gaur EH Bilduk «gezurretan aritzea» egotzi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta gogoratu du ez dela hondakinak «balorizatzen ari», baizik eta errausten, «energiarik sortu gabe». Europako hondakinen tratamendua aipatuz, EH Bilduk ohartarazi du zabortegira isurtzearen parekoa dela energiarik sortu gabe erraustea, eta ildo horretan salatu du Zubietan «hondakinak erretzen dituen zabortegi bat» dagoela.
Gainera, EH Bilduk adierazi du Gipuzkoa hondakinak bidaltzen ari dela Bizkaira. «Badakigu hilean 1.000 eta 2.000 tona artean ari direla Jatako zabortegira bideratzen. Beraz, gezurra da esatea Gipuzkoak ez dituela hondakinak bidaltzen zabortegira, aurreko astean Asensiok egin zuen bezala».
IBBren baimena
GuraSOS elkarteak uste du irregulartasun zantzu asko daudela tramite administratiboan, eta benetako helburua izan dela ingurumen baimen bateratua salbatzea. Izan ere, ingurumen baimen bateratua (IBB) bera baliogabetuta dagoelakoan dago. Jaurlaritzak 2016ko apirilaren 11n eman zion IBBa GHKri, 48 hilabeteko epearekin. Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, 2020ko martxoan eta apirilean alarma egoera indarrean izandako denbora kenduta, uztailaren 7an iraungitzekoa zen IBBa. Ekainaren 12an joan zen Zubietako plantara halako instalazioen ingurumen ikuskatzeaz arduratzen den teknikaria eta erraustegia martxan jartzeko moduan zela ebatzi zuen. Horrela, Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok ekainaren 16an eman zion erraustegiari IBBa, obrak amaituta zeudela frogatutzat jo ostean.
Bi egun geroago egin zuten plantaren ikuskatzea Jaurlaritzaren Industria Saileko teknikariek, eta instalazioaren sistema elektrikoan bost hutsegite topatu zituzten. IBBa iraungitzea kolpe itzela litzateke erraustegiarentzat, proiektua zerotik hastera eta kontratua bertan behera uztera behartuko lukeelako.