Olga Arderiu

«Ez dakigu noiz beteko duten zigor nahikoa»

Kataluniako buruzagi independentista espetxeratuek graduz aldatzeko baldintzak betetzen dituztela adierazi du abokatuak. Amnistiarik ezean, sedizio delituaren erreforma da konponbiderik azkarrena, haren ustez.

jarraia191022.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 11
19:37
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak kartzela erregimena malgutzeko aurrerapauso guztiak indargabetu zizkien Kataluniako bederatzi buruzagi independentista espetxeratuei, joan den ostiralean. Ebatzi zuenez, neurri «goiztiarregia» da presoei hirugarren gradua aitortzea edota Zigor Kodearen 100.2. artikuluan jasotzen diren baimenak ematea —hirugarren graduko abantaila batzuk bigarren graduarekin uztartzeko aukera ematen du—. Presoek «mendeku gosez» jokatzea leporatu zioten auzitegiari. Erabaki «guztiz bidegabea» dela salatu du Olga Arderiuk (Berga, Herrialde Katalanak, 1975) Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohi espetxeratuaren abokatuak.

Nola jaso du Carme Forcadellek espetxera bigarren graduan itzuli beharra?

Gaizki. Auzitegi Gorenak aurretik hartu dituen erabakiengatik, espero zitekeen erabakia zen, nahiz eta erabat bidegabea dela pentsatzen dugun. Beraz, oso gaizki hartu du. Carmeren eta Dolors [Bassaren] kasuan, gainera, joan den ostiralera arte egon dira kartzelatik irteten, eta, beraz, haientzat eta senideentzat oso gogorra izan da.

Pandemia dela eta baldintza are gogorragoak dituzte, ezta?

Bai. Ezin ditzakete aurrez aurreko bisitak jaso, bisita guztiak kristalarekin dira, eta denbora laburrez. Espetxean egotea beti da gogorra, baina senideekin kontaktua murriztuta askoz ere latzagoa da. Bestalde, kirol jarduera guztiak eta taldeetan egiten direnak bertan behera gelditu direnez, beren ziegetan ematen dute egun osoa.

Zer iruditzen zaizkizu Gorenaren argudioak?

Eman duen argudio bakarra da neurria goiztiarregia dela. Carmeren kasuan, esaterako, ez duela zigorraren laurden bat ere bete. Urtarrilaren 28an beteko du. Auzitegiaren iritziz, zigor luzeak direnez, oraindik ez zaie hirugarren gradua ezarri behar. Baina zehatz-mehatz aztertu behar dira preso bakoitzari buruz egin diren txosten guztiak, eta, bereziki, gizarteratzeari buruz esaten dena, hori baita garrantzitsuena.

Auzitegiak adierazi du ez direla egotzi zaizkien delituekin lotutako tratamendu programa bat egiten ari.

Gorenak dio ez dagoela tratamendu programa bereizirik sedizio delituarentzako, eta hori hala da, baina tratamendu programa bat betetzen ari dira bakoitzaren egoerari lotutakoa. Beste delitu asko daude tratamendu programa bereizi bat ez dutenak, baina graduz aldatzeko eskubidea dute.

Gainera, oso zaila da irudikatzea zein izango litzatekeen sedizioarentzako tratamendu programa berezi bat. Auzitegi Gorenak behin eta berriz adierazi du ez direla beren ideologiarengatik zigortuak izan, independentistak izateagatik, baina, azkenean, gertakariekin lotutako programa bereizi batek eskatuko luke haiek beste era batera pentsatzea. Finean, Katalunian erreferendum bat egitea ahalbidetu zuten. Carmeren kasuan, parlamentuko presidente gisa zegozkion eginkizunak bete zituen. Zer tratamendu egin dezake berak? Oso zaila da irudikatzea zein egin behar duten hirugarren gradua eskuratu ahal izateko.

Auzitegiak esan bezala, salbuespenezkoa al da zigorraren laurden bat bete ez duenari hirugarren gradua aitortzea?

Preso askori aitortzen zaie. Baloratzen dena presoei buruzko txostenak dira, tratamendu batzordeak proposatzen duena. Kontuan izan behar dugu tratamendu batzorde guztiek aztertu dutela gaia, eta espetxe zaintzako epaileek ere bat egin dutela. Auzitegi Gorena da bakarra oraingoz hirugarren gradua ez zaiela ezarri behar uste duena. Espetxe zaintzako epaileek sarritan aitortzen diete hirugarren gradua presoei, era inpartzialean, presoen gizarteratzea errazten duten baldintzak bete direla uste badute.

Nik uste dut une egokia dela eztabaidatzeko ea zigorra ezartzen duen organoak hartu behar dituen espetxe erregimenari dagozkion erabakiak. Instrukzioa egiten duen epaileari epaitzen uzten ez zaion modu berean, instrukzioan auziarekin kontaktu handia izan duelako eta litekeena delako inpartziala izateari uztea, nik uste dut gauza bera gertatzen ari zaigula alor honetan ere. Gorena denez sententzia ezarri duena, hura azken muturreraino betetzea nahi du, baina orain beste irizpide batzuk dira baloratu beharrekoak, konstituzioak jasotzen duen gizarteratzearekin lotutakoak. Horretarako, profesionalek esaten dutena hartu behar da aintzat. Profesionalek edo kasutik hurbilen daudenek graduz aldatu behar dutela uste badute, horretarako aukera izan behar da, zigorra luzeagoa ala laburragoa izan.

Gorenak kontrako norabidean eman ditu urratsak.

[Zigor Kodearen] 100.2. artikuluari dagokionez, ez dakit estatuko beste toki batzuetan nola den, baina Katalunian orain arte beti izan dira probintzia auzitegiak haren ezarpenari jarritako helegiteen gainean ebatzi dutenak. Beraz, mundu guztiak ziurtzat jo zuen auzitegi horiek erabakiko zutela 100.2. artikuluaren ezarpenari buruz. Gorenak adierazi du berea dela horren gainean erabakitzeko eskumena.

Erabaki horiek zaildu egiten dute graduz aldatzeko aukera?

Bai. Zain egon behar dugulako, ea Gorenak noiz utziko dion hirugarren gradua ezartzeko erabakia goiztiarregia dela. Ezin izango dute aurrera egin haiek espetxe zigor nahikoa bete duela iritzi arte.

Gorenak dio espetxe zaintzako epaileek zigor epaia berrinterpretatu dutela.

Ez dute epaia berrinterpretatu. Presoak ez daude aske. Espetxean lo egiten jarraitzen dute. Beren tratamendu programa betetzen ari dira.

Gorenak «mendeku gosez» jokatu duela salatu dute presoek.

Ez dakigu zenbat urteko espetxealdia betetzera behartuko dituzten. Graduz aurrera egiteko baldintza guztiak betetzen dituzte, baina ezin dute gainerako presoek bezala bide hori egin. Ez dakigu noiz beteko duten zigor nahikoa, auzitegiaren iritzirako.

Badirudi kartzelatik epe motzean irteteko bide bakarrak amnistia, indultuak ala sedizio delituaren erreforma direla. Zein da egingarriena?

Maila politikoan, ez dakit zer gerta daitekeen, zertarako borondatea izango den, baina egokiena amnistia izango litzateke, irtenbide kolektiboa litzatekeelako. Baina ez dakit horretarako adostasun nahikoa izango den. Bestela, sedizio delituaren erreforma izango litzateke irtenbide azkarrena, nahiz eta hilabeteetan luzatu daitekeen. Sedizio delitua kenduko balitzateke edo zigorrak modu argian murriztuko balira, orduan, bai, ez legoke arazorik. Aldiz, tipoaren elementuen erreforma bat izango balitz, ikusi egin beharko da zein aldaketa egiten diren eta presoei eragingo liekeen ala ez. Adibidez, armen erabilera ezinbestekoa balitz sedizio deliturako, orduan, bai, eragingo lieke. Haiek ez dituztenez armak erabili, ezarri zaien zigorra ezerezean geldituko litzateke.

Edozein moduz, sedizio delitua erreformatu beharra dago, agerikoa baita beste herrialde askok ez dutela halakorik eta zigorrak guztiz neurrigabeak direla. Gainera, delitua horren da abstraktua eta zabala egoera askotara hedatu daitekeela, etxegabetzeetara adibidez, eta zigor oso handiak ezarri inolaz ere halakorik merezi ez duten jokaerengatik. Manifestazio eta bilkura eskubideekin egiten du talka, zuzenean. Oinarrizko eskubideekiko mugak zehaztea oso garrantzitsua da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.