Ikuspegiren txostena

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %65entzat migrazioa ez da arazoa

Gaur aurkeztu dute Ikuspegiren barometroa, eta inoizko onarpen handiena jaso dute ondorioetan: hamar herritarretik bakarrarentzat da arazoa migrazioa.

Migratzaile, errefuxiatu eta paperik gabekoen aldeko mobilizazioa, urrian, Baionan. BOB EDME
Maider Galardi
2020ko abenduaren 14a
19:13
Entzun

Bilbon egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte datuok Patxi Juaristi EHUko errektoreordeak, Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Urtero egiten du galdetegia Ikuspegik, baina aurten pandemiaren aldagaia txertatu diote ikerketari. Eta, hain justu, Shershnevak eta Artolazabalek adierazi dute 2020ko datuak "esanguratsuak" direla. Batetik, Ikuspegiko zuzendariak ohartarazi du "arraroak" direla ikerketaren emaitzak, pandemiak eragina izan duelako. Bestalde, sailburuak nabarmendu du beste krisi batzuetan behera egiten duela migrazioarekiko onarpen mailak, eta oraingoan, gora egin duela: "Normalean krisirik ez dagoenean igotzen da tolerantzia maila. Orain, ordea, pandemiak bestelako krisi batzuk eragin ditu: emozionala, soziala, ekonomikoa... Eta, halere, inoizko indize onenak jaso ditugu". Bere ustez, euskal gizarteak "ulertu" du "solidario" izateko unea dela, eta ezinbestekoa dela "elkarbizitza". Horren adierazle da Ikuspegik txostena egiten duenetik —2007tik— inoizko onarpen maila altuena jasotzea: %65entzat ez da arazoa migrazioa; eta hamarretik batentzat da problema.

Koronabirusak eragin du bestelako aldagai batzuetan ere. Esate baterako, osasun zerbitzuen erabilerak irekia behar luke herritar guztientzat —bertako ala atzerriko izan— galdetegian parte hartu dutenen %92ren ustez. Apalagoa da dirulaguntzen gaineko iritzia. %65ek uste dute COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko dirulaguntza berak edukitzeko aukera izan behar dutela migranteek, baina %16entzat bertakoek eduki beharko lukete lehentasuna. Emaitzen aldebiko irakurketa egin du Shershnevak: "Batetik, herritarren %74k nahi du bertakoek eta atzerritarrek eskubide eta betebehar berdinak izatea; baina, oraindik ere galderak erantzun dituztenen laurdenak uste du lehentasuna bertakoek izan behar dutela".

Hain justu, estereotipoetan igartzen da baliabide ekonomikoen gaineko uste hori: herritarren %39 ados daude migranteak dirulaguntzez aprobetxatzen direnaren zurrumurruarekin. Usteak ez baitatoz askotan bat errealitatearekin. Shershevak egin du oharra: "Urtero daude datu esanguratsuak atal hontan. Migrazioarekiko dagoen pertzepzioa errealitatean dagoenaren bikoitza da". Aurten, zehazki, inkestan parte hartu dutenek uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %20 direla atzerritar jatorrikoak; baina, errealitatean %10,9 dira. Jatorriari dagokionez ere, partziala da herritarren begirada: usteen arabera migratzaile gehienak magrebtarrak dira —%36—, baina, egiaz, Latinoamerikako jatorria dutenak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako migratzaileen %72; beraz, ustea okerra da.

Ekonomiarako onuragarri

Iaz ere horixe izan zen datu esanguratsuenetakoa, eta aurten berretsi egin da joera: "Euskal gizarteak jarraitzen du pentsatzen migrazioa ezinbestekoa dela ekonomiarentzat", adierazi du Shershevak. Egin du ñabardura, ordea: "Jokabide utilitarista da: euskal herritarrek uste dute ezinbestekoa dela migrazioa, euskal gziarteak egin nahi ez dituen lanak betetzeko, edo beharrezkoak direlako euskal ekonomiari eusteko". Gainera, galderak erantzun dituztenek ez dute uste migranteek soldata jaisten dutenik, ezta langabezia igotzen dutenik ere —%22ak pentsatzen du, aldiz, baietz—.

Hortaz, Artolazabalek azpimarratu du euskal gizarteak migrazioari buruz duen iritzia positiboa dela. Hala diote datuek:  0tik 10erako eskalan, 5,89koa da migrazioarekiko dagoen onarpena. Halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen arabera, jatorri diferenteetako pertsonen elkarbizitzarako, ezinbestekoa da alde biko ardura egotea —%86 dago ados horrekin—; baina inkestako parte hartzaileen hiru laurdenek uste du migranteek esfortzu handiagoa egin beharko luketela bertako ohitura eta legeetara egokitzeko. Are gehiago, %56k uste dute beren erlijioa alboratu beharko luketela bertako legedira egokitzeko.

Genero ikuspegia aurrenekoz

Koronabirusaren gaineko galderez gain, aurten beste aldagai bat ere txertatu diote txostenari: aurrenekoz gurutzatu dute genero ikuspegia gainontzeko emaitzekin, eta emaitza deigarria da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako andreek, orohar, aukera kontserbadoreagoak hartu dituzte inkesta erantzuteko orduan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.