Davalor auzia

Aierdik aurreratu du dimititu egingo duela Gorenak ikertzen badu

Gutun bat bidali dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari, eta argitu du gobernua utziko duela baldin eta auzitegiak ikertu gisa hartzen badu. 

Manu Aierdi kontseilaria, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2020ko abenduaren 15a
18:19
Entzun

Gorenaren esku dago Manu Aierdik Nafarroako Gobernuan jarraituko ote duen. Atzo, albistea jakin bezain azkar, «harridura handia» erakutsi zuen Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak, eta gaur gutun bat bidali dio Maria Txibite gobernuko lehendakariari. Bertan, adierazi du «dimititzeko borondate irmoa» duela baldin eta Auzitegi Gorenak ikertzea erabakitzen badu. Oraindik ez da halakorik gertatuko, baina Gorenak hori egingo balu, Aierdik aurreratu du kargua utziko duela.

Atzoko autoan, Espainiako Auzitegi Gorenak bide eman zion UPNk ekainean Aierdiren aurka jarritako salaketari; auzia ireki zuen, eta Andres Palomo del Rio magistratua izendatu zuen instrukziorako. Epaile horrek erabakiko balu Aierdi ikertu gisa hartzea edo deklaratzera deitzea, Aierdik gobernua utziko luke.

Gutunean, hori gertatuko balitz, Aierdik astebete eskatu du «egoera aztertzeko eta agurtu ahal izateko». Ondoan izan dituenei «merezi duten agurra» emateko aukera eskatu dio Txibiteri. «Bitartean, lanean jarraituko dut, Nafarroaren etorkizunaren aldeko konpromiso irmoa baitut, nire erabakiekin ahalik eta hobekien lurraldeko garapen ekonomiko eta sozialaren aldeko ekarpena eginez».  

14/2004 foru legeak zehazten duenez, kargudun publiko bat ikertu gisa hartuz gero, prozedura judizial bateko figura hori ez da bateragarri emandako konfiantzarekin, eta, horren aurrean, Nafarroako Gobernuak astelehen arratsean aurreratu zuen Aierdik kargua utzi beharko lukeela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.