Indarkeria matxista

Zortzi lagun atxilotu dituzte emakumeak sexualki esplotatzeko sare bat osatzea egotzita

Tolosako, Beasaingo eta Bergarako bost etxebizitzatan zeuzkaten andreak; hamazazpi biktima identifikatu dituzte.

Sexu esplotazioaren aurkako kanpaina baten irudia. EFE
2020ko abenduaren 16a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Poliziak jakinarazi du joan den astean zortzi pertsona atxilotu zituela «Gipuzkoan emakumeak sexualki esplotatzeko sare bat osatzen zutelakoan; Tolosan, Beasainen eta Bergaran zeuzkaten etxebizitzetan prostituzioan aritzera behartzen zituzten andreak, «abusuzko baldintzetan». Hamazazpi biktima identifikatu dituzte, «gehienak Hego Amerikakoak, eta baliabide ekonomiko eskasekoak», eta gizakien salerosketaren aukako Espainiako planaren baliabideak eskaini dizkiete.

Esplotatutako emakumeetako baten salaketaren harira abiatu zuten ikerketa, otsailean: Poliziari posta elektronikoz eman zion bere egoeraren berri. Ikerlariek azaldu dute «erakunde kriminal» bat atzeman zutela, «Brasilgo familia batek osatua»; 2017an ere atxilotu zituzten —gizonak eta emakumeak daude tartean—. Bost etxetan aritzen ziren, eta, emakumeek beren egoera salatzea eragozteko, etxe bakoitzean «arduradun» bat jarri zuten andreak kontrolatzeko, baita bideokamerak ere. Horrez gain, «gezurrezko enpresa sare» bat ere sortu zuten, diru irabaziak ezkutatzeko.

Tolosako 2. Instrukzio Epaitegiak kudeatu du ikerketa. Hainbat delitu egotzi dizkiete atxilotuei: sexu esplotaziorako pertsona salerosketa, proxenetismoa, droga trafikoa —bezeroei speed eta kokaina eskaintzen zizkieten, eta substantzia horiek aurkitu dituzte etxeetan— eta diru zuritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.