Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegiak ez dauka Jaurlaritzaren baimenik argindarra sareratzeko

GuraSOSek argitaratutako Jaurlaritzaren zenbait agirik agerian utzi dute Zubietako erraustegia baimenik gabe ari dela funtzionatzen. Gaur Jose Ignacio Asensiok agerraldia egin behar du Batzar Nagusietan, gaiaz hitz egiteko.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua, joan den astean, Zubietako erraustegiari egindako bisita batean. GORKA RUBIO / FOKU
inaki petxarroman
2020ko abenduaren 17a
09:19
Entzun

Abenduaren 1ean sinatutako agiri baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Ekondakin enpresari —Zubietako erraustegiko kudeatzailea— jakinarazi zion ezin zuela instalazioa inskribatu ekoizpen elektrikoko administrazio erregistroan, gaur egun erabiltzen duen sorkuntza instalazioa (hiru itsas transformadorek osatutakoa) aldi baterako eta potentzia txikiagokoa delako. Sare elektrikoan energia sartu ahal izateko, ezinbestekoa da erregistro horretan inskribatuta egotea, eta, beraz, Zubietako erraustegiak ezin du halakorik egin, erretzen dituen hondakinekin energia sortuko balu ere. GuraSOSek jakinarazi duenez, horren berri helaraziko dio gaur bertan sarea kudeatzen duen Red Electrica Españolari, erraustegia elektrizitatea sarera sartzen ari bada —REEk ukatu egin zuen hala egiten ari zenik urriaren 28an sinatutako dokumentu batean—, aukera hori ken diezaion berehala.

Eusko Jaurlaritzak abenduaren 1ean sinatutako agiriaren pasarte bat. BERRIA

Elkarte horrek hainbat agiri helarazi dizkie hedabideei erakusteko Zubietako erraustegia orain «arauz kanpo» ari dela funtzionatzen. Hain zuzen ere, joan den astean, instalazioa martxan jartzeko akta sinatu zuen GHK-k Ekondakinekin, eta enpresa emakidadunak ohiko zerbitzua ematen hasi zirela jakinarazi zuen Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. Zerbitzu horregatik kobratzen hasi zirela ere iragarri zuen. Horri lotuta, aste honetan egindako batzarrean, GHK-k erabaki du 24 milioi euro ordaintzea enpresari instalazioak «ohiko funtzionamenduan» daudelakoan. Horrez gain, abuztu, irail eta urriko ordainketak ere onetsi ditu batzarrak, nahiz eta artean kontratua ez zegoen indarrean. GuraSOSek ukatu egin du, ordea, ohiko funtzionamenduan ari direla, eta, GHK-k gezurretan aritzea egotzi izan dionez, Jaurlaritzaren agiriak publiko egitea erabaki du. «Haiek ari dira gezurretan», ohartarazi dute. Horrekin batera, jakinarazi du pleguetan baldintza gisa ageri dela instalazio elektrikoen erregistroan egotea kontratua martxan jarri ahal izateko.

Urriaren 22an egindako ikuskatzearen aktako oharra. BERRIA

Beste agiri bat ere erakutsi du GuraSOSek. Jaurlaritzaren Industriako teknikariek ordezko sistema elektrikoan urriaren 22an egindako ikuskatzearen akta jasotzen du horrek, eta ziurtatzen du zortzi arau hauste larri eta arin bat atzeman zituela ordezko transformadore sistema horretan. Batzuek segurtasunean zuten eragina —hala nola suteetan— eta edukiontziak aireztatzean eta hoztean atzemandako akatsak aipatzen dituzte, edota lehen laguntzak emateko sisteman aurkitutakoak. Beste hutsegite batzuk instalazioen legeztatzeari dagozkio: besteak beste, hauek aipatzen ditu: transformadoreen ezaugarrien plakak falta direla, transformadoreen potentzia justifikatu gabe dagoela, likido isolatzailea zehaztu gabe dagoela eta 2. edukiontzian instalatutako goi-tentsioko gelaxken adostasun-adierazpena aurkeztu gabe daudela. Urriaren 29an, Eusko Jaurlaritzak eskatu zion Ekondakini azaroaren 19an amaitzen den 15 eguneko epean akatsak zuzentzeko.

Ez zituzten hutsegiteak zuzendu, eta emandako epea luzatzeko baimenik ere ez zuten eskatu. Hala, abenduaren 4an, sistema legeztatu gabe zegoela gogoraraztearekin batera, instalazioak funtzionatzeko baldintzak ez zituela betetzen jakinarazi zion Jaurlaritzak Ekondakini. Egun horretan bertan, Asensiok prentsaren aurrean Industria Sailaren beste agiri bat erakutsi zuen, haren ustez, funtzionatzeko ahalmena ematen ziona. Bi agiri horiek Jaurlaritzako bi funtzionarioren sinadura daukate, GuraSOSek jakinarazi du erraustegiaren behin-behineko instalazio elektrikoa ere legeztatu gabe dagoela, eta industria segurtasunaren araudiari «bizkar emanda» funtzionatzen ari dela Zubietako erraustegia. Egunotan salaketa bat sartu du elkarteak Fiskaltzan, erraustegiaren legeztatze tramitazioan hainbat delitu atzeman dituelako. Besteak beste, instalazioetako kudeatzaileek agiriak faltsutu dituztela eta prebarikazioa egin dutela uste dute.

Asensio batzar nagusietan
Batzar nagusietan agerraldia egin du Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Ingurumen diputatuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak eskatuta. Oposizioko taldeek agiriak erakusteko eskatu diote, eta diputatuak erantzun die konfiantza eduki behar dutela, eta baimen guztiak dituela. Nahi izanez gero eskatzeko aholkatu die. EH Bilduko Ainhoa Intxaurrandietak zalantzan jarri du haren hitza, eta gezurretan aritzea ere egotzi dio. Irainik ez duela onartuko arrapostu dio Asensiok. Elkarrekin Gipuzkoako Arantza Gonzalezek «lardaskeriatzat» jo du diputazioaren gestioa, eta «oso larritzat» jo du gertatzen ari den guztia. Asensiok «tramite administratibotzat» jo ditu falta diren prozedurak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.