Albistea entzun

BURUJABETZA

Herritarren %42,5ek euskal estatuaren alde bozkatuko lukete erreferendum adostu batean

Telesforo Monzon eLaborategiak eta Parte Hartuz EHUko ikerketa taldeak Naziometroa aurkeztu dute: burujabetzari buruzko barometro bat da, eta segida izango du datozen urteetan.

%42,5 herritarrek egingo lukete euskal estatu baten alde erreferendum adostu batean.
%42,5 herritarrek egingo lukete euskal estatu baten alde erreferendum adostu batean. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko abenduak 18

Zer iritzi dute euskal herritarrek Espainiarekiko eta Frantziarekiko independentziaren inguruan? Eta euskal estatu bat sortzeko aukeraren inguruan? Zer aldagaik eragiten dute iritzi horretan? Era berean, zenbateraino daude pozik egungo estatus politikoarekin, eta zenbatek nahi lukete etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukera edukitzea, erreferendum horretan aukera baten edo bestearen alde egiten dutela ere? Galdera horiei erantzuteko, Naziometroa argitaratu dute Telesforo Monzon Laborategiak eta Parte Hartuz Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldeak; burujabetzari buruzko barometro bat da, eta hau da galdeketaren emaitza nagusietako bat: galdetutako herritarren %42,5 euskal estatu baten alde legoke Madrilekin edota Parisekin adostutako erreferendum ofizial batean. 11 punturen aldea ateratzen dio euskal estatuaren aldeko jarrerak kontrako iritziari (%31,5).

Euskal estatuaren hegiak

Lurraldeka, euskal estatuarekiko jarreren aldea nabarmena da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren artean; aurrenekoan, aldekotasuna %48koa da, eta Nafarroan, %26koa. Haatik, euskal estatuaz galdetu beharrean nafar estatuaz galdetuta, herrialde horretan apur bat orekatzen dira joerak: %43,1 lirateke kontra daudenak, eta %35,4 aldekoak.

Euskal estatu horrekiko jarrera, ordea, aldakorra da zenbait aldagai aintzat hartuz gero, eta ondorio nagusi bat azaleratzen du: euskal estatu baten aldeko edo kontrako iritzia erabat baldintzatuta dago estatu berri horrek herritarren eguneroko ongizatean izan lezakeen eraginarekin. Esaterako, euskal estatuaren alde leudekeen guztietatik herenak (%32,2) desados edo oso desados leudeke aukera horrekin, baldin eta Espainiaren edo Frantziaren parte izanda duen egoera ekonomikoa hobetuko ez balu. Joera antzerakoa da politika sozialei erreparatuta —euskal estatu batekin desados edo oso desados leudeke %44,9 egungo politika sozialak hobetuko ez balitu—, eta baita genero politikez galdetuta ere —%42,1, desados edo oso desados; aldiz, %27,1, ados edo oso ados—. Euskal estatuaren inguruko iritzian ere ezinbestekoa da kontuan hartzea Europako Batasunean jarraitzeko aukera; izan ere, euskal estatuaren aldekoen ia erdiak (%49,3) desados edo oso desados leudeke Europako Batasunetik kanpo geratzeko arriskua balego.

Kontrakoa ere gertatzen da, ordea: a priori euskal estatuaren aurka daudenetako batzuk ados edo oso ados egon daitezke aukera horrekin egoera ekonomiko hobea ekarriko balu (%34,4), Europako Batasunean segituko balu (%33,8), politika sozial hobeak sortuko balitu (%40,5) eta genero politika hobeak landuko balitu (%37,8). Aintzakotzat hartu beharra dago zenbaki horiek guztiak emandako aukeren artean nagusiak direla; alegia, euskal estatuaren aldekoen nahiz kontrakoen artean, eta atalez atal galdetuta, gehiago direla iritzi hori aldatzeko prest leudekeenak beren hasierako hautuari eutsiko lioketeenak baino.

Jokaleku horretan, batetik, gehiago dira euskal estatu baten bideragarritasuna ziurtzat jotzen dutenak (%37,4) hala uste ez dutenak baino (%27,8), baina parekatuagoak daude euskal estatu horretan hobeto edo okerrago biziko liratekeela uste dutenak: %30,4k diote hobeto biziko liratekeela; %31,5ek, okerrago; eta %20,4k, berdin. Halere, erronka sozialei erantzuteko orduan izango lukeen gaitasunari dagokionez, %34k uste dute euskal estatu batek egun dauden erronka ekonomiko eta sozialei hobeto erantzungo liekeela, eta %21ek, okerrago.

Gehiengo bat: erabakimena

Gai batean, ordea, adostasunak zabalagoak dira: hiru euskal herritarretik bik uste dute beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela (%63). Ehuneko handiena Euskal Autonomia Erkidegoan dago (%64,1), eta parekoa da Nafarroan ere (%63,4). Ipar Euskal Herrian, berriz, apur bat apaltzen da (%58). Duela lau urte, Euskal estatua irudikatzen ikerketa egin zuten Ipar Hegoa fundazioak eta Parte Hartuz-ek, eta orduko hartan ere antzekoa izan zen erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera zeukatenen ehunekoa (%66,8). Gehiengo hori berresten du beste datu batek: erkidego bakoitzean adostasun politikoa egonda, etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukerari buruz galdetu denean, Frantziako edo Espainiako Gobernuek erreferendum hori onartu beharko luketela uste dute euskal herritarren %66k, eta debekatu, berriz, %19k.

Etorkizun politikoaz harago galdetuta, ordea, erabakietan parte hartzeko eta bestelako gobernantza eredu bat ezartzeko nahiak adostasun zabalagoa du; galdekatuen %72k nahi dute bizi diren lurraldeko gai sozial, ekologiko eta ekonomikoekin zerikusia duten edukiez erabaki ahal izatea.

Oro har, euskal herritarren erdiak baino gehiago oso edo nahikoa pozik daude egungo estatus politikoarekin (%55,1), baina, Espainiako eta Frantziako lurralde antolaketarako formulak proposatuz gero, seitik batek aukeratuko luke egungo eredu autonomikoa. Babes handiena lukeen formulazioa litzateke erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzea; hirutik batek nahiko lukete eredu hori (%33,6), eta %30,1ek eskumen gehiago ematea erkidegoei.

Euskal Herriaren kohesioaz

Euskal lurraldeen arteko kohesioaz ere galdetu dute inkestan. Batetik, egileek nabarmendu dute inor gutxik (%3,7) jartzen duela auzitan Euskal Herriaren existentzia, baina hura ulertzeko modu diferenteak daudela. Nagusia da hamarretik lauk azaltzen dutena: zazpi lurraldeena. %35ek, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin soilik lotzen dute Euskal Herria.

Hori horrela, zer iritzi dute herritarrek lurraldeen arteko harremanez? Hegoaldeko lurraldeek erkidego bakarra osatzearen aldekoak %45,7 dira, eta hirutik bat kontra dago. Aldiz, askoz zabalagoa da hiru eremuek beren erkigoetan jarraitu eta harremanak estutzearen aldeko iritzia: bostetik lauk onesten dute aukera hori.

COVID-19aren ondorio politikoak

Bestalde, COVID-19aren izurriaren kudeaketaz galdetzeko ere baliatu dute inkesta. Besteak beste, ondorioetako bat da udalak direla herritarren aldetik balorazio onena jasotzen duten erakundeak: %42,6 daude pozik horien jardunarekin. Ondoren daude Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Elkargoa, eta segidan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioak. Espainiako edota Frantziako Gobernuak dira balorazio kaskarrena jasotzen duten instituzioak (%23,8), Europako Batasunaren atzetik.

Horri lotuta, eta pandemia kudeatu ahal izateko, herritarrek uste dute Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak eskumen gehiago behar dituztela (%45,7). Haatik, aginte bakar bat zehaztu behar izanez gero, ia pare-parean daude hiru aukera: Europako Batasuna; Frantziako eta Espainiako Gobernuak; eta Euskal Elkargoa, Nafarroako Gobernua eta Jaurlaritza. Osasun publikoan eta herritarren bizimoduan izandako ondorioez gain, koronabirusak beste dimentsio batzuetan izan ditzakeen eraginak aztertu nahi izan dituzte ikerketan. Batetik, hamar herritarretik lauk uste dute izurriak ahuldu egin dituela Europako Batasunaren integrazio handiagorako argudioak (%42), eta bostetik batek uste dute kontrakoa: indartu egin duela (%19). Mugimendu independentisten argudioei dagokienez, ordea, herritarren ia erdiek ez dute uste COVID-19ak inolako eraginik izan duenik (%46,3). Gainerakoen artean, gehiago dira, eraginik izatekotan, kalte handiagoa egin diela uste dutenak (%24) mesede egin diela uste dutenak baino (%18).

Soslaia: feminista, ekologista eta euskararen aldekoa

Inkestatuen soslaia ere landu dute barometroaren egileek. Erdiak euskal herritarrak sentitzen dira, eta horietatik erdiak pasa (%26,9), baita espainiarrak edo frantziarrak ere. Soilik frantziar edo espainiar sentitzen direnak %7 dira. Horrez gain, galdekatutakoek ezkerrean kokatzen dute euren burua ezker-eskuin ardatzean (hamar puntutik lau), eta beren burua feministatzat (5,9) eta ekologistatzat (6,8) dute. Gainera, zerotik hamarrera, 6,6 puntutan kokatzen dute batez beste euskararen normalizaziorako duten aldekotasuna, eta, euskal abertzaletasunaren ardatzean, 4,8koa da batezbestekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

EH Baik elkarretaratzea egin zuen atzo goizean, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Bizilekuen Tokiko Programa onetsi du Euskal Elkargoak

Ekhi Erremundegi Beloki

Bideokonferentziaz egin dute Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, osasun egoeraren ondorioz. 630 milioi euroko aurrekontua onartu dute hautetsiek, inbertsiorako 160 milioi euro atxikita

Aitor Esteban EAJko diputatua, Espainiako Kongresuan. ©CHEMA MOYA / EFE

Martxorako agindutako eskumenak ez ditu uda aurretik jasoko Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Martxorako agindutako eskumenak ez ditu uda aurretik jasoko Jaurlaritzak. EAJk izurriari eta Madrilgo bozei egotzi die atzerapena

Ander Iriarte eta Paco Etxeberria, dokumentalaren grabazioan, joan den larunbatean. ©JON URBE / FOKU

Grabaketak amaituta, azken lanetan da 'Krask soinua'

Jon O. Urain

Grabaketak amaituta, azken lanetan da 'Krask soinua', 1960-2014 aldiko torturak jasotzen dituen txostenean oinarritutako dokumentala. Tratu txarren adiera «sofistikatua» hartu dute ikergai, horien «bilakaera horrelakoa izan delako».

Puerto I eta II espetxeak, joan den urrian. ©NAGORE ARIN

Herrera de la Manchan ez da jada euskal presorik, eta laster Puerto Ien ere ez da izanen

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Hiru euskal preso hurbilduko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek: Fernando Elejalde Tapia Puerto Ietik Mansillara mugituko dute, Iñigo Vallejo Franco Dueñasetik Duesora eta Garikoitz Etxeberria Goikoetxea Sevilla IItik Dueñasera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna